
2028ko irailaren 14tik 16ra Bilbon egingo den Autism-Europe 15. Nazioarteko Kongresuaren prestakuntzak aurrera jarraitzen du nazioartean ere. Kongresuko Batzorde Zientifikoaren ordezkaritza batek, Joaquín Fuentes Doktoreak, presidentea, eta Naiara Álvarezek, idazkaritza teknikoak, osatzen dutena, IACAPAP 2026 (International Association for Child and Adolescentent Psychiatry and Allied Professions) biltzarrean parte hartu du berriki, Alemaniako Hanburgo hirian.
Topaketa hau haurren eta gazteen osasun mentalaren arloko nazioarteko foro nagusietako bat da, eta mundu osoko profesionalak bildu ditu azken aurrerapen zientifikoak eta praktika onenak partekatzeko hainbat diziplinatan, hala nola haurren psikiatrian, psikologian, neurologian, pediatrian eta autismoan.
Jardunaldietan zehar, APNABI Autismo Bizkaiak eta Autism-Europek antolatutako Autism-Europe Nazioarteko 15. Kongresuaren aurrerapenen berri eman du ordezkaritzak, ekitaldiaren argitalpen ofiziala zabalduz eta nazioarteko profesional eta ikertzaileak gonbidatuz 2028ko irailean Bilbok hartuko duen hitzorduan parte hartzera.
Hanburgon egoteak Kongresuaren nazioarteko lankidetza-sarea indartzeko ere balio izan du, herrialde ezberdinetako ikertzaile eta profesional klinikoekin esperientziak trukatuz.
Horrelako topaketetan parte hartzea Autism-Europeren 15. Nazioarteko Kongresua sustatzeko eta prestatzeko lanaren parte da. Bertan, milaka autista, familia, profesional, ikertzaile eta herrialde askotako arduradun publiko bilduko dira Bilbon, ezagutza partekatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta gizarte inklusiboago baterantz aurrera egiteko.
