
Iraila hastearekin batera, APNABI Autismo Bizkaiak amaitutzat eman du udako jardueren programa. Horrekin, aisialdiko eta denbora libreko alternatibak eskaintzen dizkie autistei, eta, aldi berean, familien atsedena eta kontziliazioa bultzatzen ditu. Ekaina eta iraila bitartean, 400 pertsona baino gehiagok gozatu ahal izan dute opor-txanden, eguneko udalekuen eta elkartearen etxeetako jardueren aukerez, beharrizan eta lehentasun desberdinetara egokitutako proposamenekin.
Aurten, opor-txandak Larderon (Errioxa), Iruñean (Nafarroa), Zarautzen eta Hondarribian (Gipuzkoa) eta Arrigorriagan (Bizkaia) egin dira. Guztira, 12 txanda antolatu dira, aisialdiko jarduerez gozatzeko, ingurune berriak ezagutzeko, beste pertsona batzuekin esperientziak partekatzeko eta gizarte-harremanak beste testuinguru batean indartzeko.
Udalekuei dagokienez, udako proposamenak Bizkaiko hainbat udalerritara hurbildu dituzte berriro. Jarduerak 12 txandatan egin dira Barakaldoko Gurutzeta ikastetxean, Leioako Mendibile ikastetxean eta, berrikuntza gisa, Bermeoko San Frantzisko ikastetxean eta Lekeitioko institutuan. Egitasmo horiek udalerri horietako udalekin ezarritako lagapen-hitzarmenei esker egin ahal izan dira, eta aukera ematen dute laguntzak eta aisialdiko alternatibak autisten eta haien familien eguneroko inguruneetara hurbiltzeko.
Udako programetan parte hartzeak, gainera, egoera ekonomiko bereziki ahulean dauden familiei jardueretarako sarbidea erraztera bideratutako laguntza-neurriak ditu. Horrela, APNABIko arlo sozialeko lantaldeak egindako balorazioaren ondoren, 69 familiak jaso dute aurten Víctor Tapia eta Carmen Gandarias fundazioen babes ekonomikoa.
APNABIren etxebizitzei dagokienez, bertako egoiliarrek bizipen aberasgarriz beteriko uda gozatu dute. Inguru naturaletara irteerak antolatu dira, Bizkaiko enklabeen xarma eta kultura ezagutzeko txangoak (Bakio, Urkiola, Elorrio, Balmaseda edo Artea), eta ibilbide kultural nabarmenak, hala nola Donostiako Aquariumaren bisita.
Gainera, etxebizitzak bete-betean murgildu dira inguruko jai giroan: herriko jaietan eta bazkari herrikoietan parte hartzetik hasi eta kontzertuetara eta aire zabaleko ekitaldietara bertaratzeraino. Halaber, agenda osatzeko, zinema-arratsaldeak, sukaldaritza-tailerrak, hondartza- eta igerileku egunak eta elkartruke kulturalak antolatu dira, autonomia, bizikidetza eta inklusioa sustatzeko.
