APNABI Autismo Bizkaiak lekukoa jaso du Autismo Europa Nazioarteko Kongresua 2028an Bilbon antolatzeko

  • Autismoaren arloko elkarte erreferentearen 50. urteurrenarekin bat egingo duen ekitaldiak mundu osoko 2.500 parte-hartzaile bilduko ditu

APNABI Autismo Bizkaiak ofizialki jaso du lekukoa Autismo Europa Nazioarteko Kongresuaren hurrengo edizioa Bilbon antolatzeko, 2028ko irailaren 14tik 16ra. Lekuko ematea irailaren 13an, larunbata, izan da, Dublinen (Irlanda) egindako 14. edizioaren amaiera-ekitaldian, “Bizi-kalitatea: ikerketa, politikak eta praktikak” lelopean. Adam Harris, aurtengo edizioaren elkarte antolatzailea den As I am-eko presidentea, arduratu da APNABIri erreleboa emateaz. Elkartearen izenean Mikel Pulgarin presidentea izan da.

馃摳 Kongresuko argazkiak eskuragarri daude esteka honetan.

馃摡 Kongresuaren berri izateko, newsletterrean izena emateko aukera duzu hemen.

“Ohorea eta ardura handia da kongresu hau gure erakundearentzat hain une berezian hartzea. Europako autismoaren kolektiboarentzat topagune eraldatzailea izatea nahi dugu, bai eta pertsona autisten eskubideak, gaitasunak eta ekarpenak ikusarazteko aukera ere. Gure hautagaitza aukeratu izanak erakusten du badirela gauza batzuk handikiro egitea merezi dutenak; eta Autismo Europa 2028 Kongresua horietako bat da, Bizkaian eta Bilbon amets egitea gustatzen zaigulako, eta handi egiten dugulako”, adierazi du Mikel Pulgarinek Dublingo amaiera-ekitaldian.

Kongresu hau APNABIren 50. urteurrenarekin batera egingo da 2028an, eta dagoeneko badu BBKren, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa eta lankidetza, baita Vectalia mugikortasunean lider den taldearena eta DYArena ere. Enpresa eta erakunde horiei beste batzuk gehituko zaizkie.

Autismo Europa 2028 Kongresua lehen mailako nazioarteko ekitaldia izango da, bai gizarte-eremuan, bai osasun-eremuan, eta mundu osoko pertsona autistak, familiak, ikertzaileak eta profesionalak bilduko ditu. Hurrengo urratsen artean, batzorde antolatzaile bat eta batzorde zientifiko bat osatzea daude, ekitaldiaren programa diseinatzen aurrera egiteko. Gutxi gorabehera 2.500 parte-hartzaile espero dira, autismoaren esparruan ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko aukera paregabea izango den hitzorduan.

APNABIren parte-hartzea Dublinen
Amaiera-ekitaldiaz gain, APNABI Autismo Bizkaiako lantalde profesionaleko kide-talde handi batek aktiboki parte hartu du Irlandako kongresuan, erakundeak garatutako zazpi jardunbide egoki aurkeztuz. Hala, elkarteak autismoaren zahartzeari buruzko azterlana, ezaugarri autisten eta gaitasun kognitibo handien arteko moderatzaile gisa generoak duen azterketa, edo ikasle autistei eskola arruntetan laguntzeko programen eta trebetasun sozialen taldeen aurkezpena azaldu ditu, besteak beste. Autismo Europak proiektu horiek hautatu zituen nazioarteko foroan parteka zitezen, haien berrikuntza eta kolektiboan duten eragin positiboa nabarmenduz, eta erakundea arlo horretan nazioarteko erreferente gisa berretsiz.

Bilbo, 2028ko Kongresuaren egoitza
Bilbo nazioarteko hitzorduaren hurrengo egoitza izendatzeko erabakia Autismo Europaren Batzar Nagusian hartu zen, 2025eko maiatzean, arlo horretako elkarteen Europako sarearen urteko topaketen esparruan. “A historic congress in a milestone year” (kongresu historikoa, urte historikoan) lelopean, APNABI Autismo Bizkaiak bultzatutako Bilbo-Bizkaia hautagaitzak emandako botoen gehiengo osoa lortu zuen, Kopenhagerekin (Danimarka), Sofia Bulgariako hiriburuarekin eta horiek ordezkatzen dituzten erakundeekin lehiatu ondoren.

Euskal erakundeen eta Autismo Espa帽an integratutako elkarte-mugimenduaren babesari esker, APNABIren proposamenak oso balorazio positiboa jaso zuen Autismo Europako Administrazio Kontseiluko kideen aldetik. Horiek elkartearen ibilbide historikoa, haren dimentsioa eta deialdi-gaitasuna (ia 2.000 bazkide eta 450 profesionalekin Europako handiena da), sendotasun tekniko eta profesionala, inklusioarekiko konpromisoa eta bost hamarkadatan zehar egindako bikaintasun-ibilbidea nabarmendu zituzten.
Nazioarteko Kongresua

Autismo Europa Nazioarteko Kongresua autismoaren inguruko kontinenteko topaketa nagusia da, eta munduko garrantzitsuenetako bat. Hiru urtean behin egiten da Europako hiri desberdinetan. Estatuan egin den edizio bakarra Bartzelonan izan zen, 1996an. Ekitaldiak profesionalak, pertsona autistak, familiak, ikertzaileak eta erakundeetako ordezkariak biltzen ditu, aurrerapen zientifikoak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, baita eskubideen aldarrikapena eta inklusio osoa bultzatzeko ere. Azken edizioak Krakovian (Polonia) 2022an eta Dublinen (Irlanda) aurten egin ziren.

Comments are closed.