APNABI Autismo Bizkaiak Autismo Españak egindako ikerketa batean parte hartu du autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten gizonek eta emakumeek jasotako osasun-arretako oztopoei eta elementu bideratzaileei buruzko ezagutza sortzeko helburuarekin. Iker Pascualek eta Carlos Alburquerquek, autismoa duten bi gaztek, eta Javier Gomezek, APNABIko etxebizitzetako koordinatzaileak, hartu dute parte esperientzian.
Ikerketa-esperientzia hori Autismo Españako teknikari batek gainbegiratutako online elkarrizketen eta eztabaida-taldeen bidez garatu da. Parte hartzeko metodologiari esker, hainbat ikuspegi txertatu dira: AENdun emakume eta gizon helduena, autismoa duten haurren familiena eta osasun-arloko profesionalena eta, baita ere, azterketa medikoak egiten edo ospitalean laguntza ematen dutenena.
Foku-talde ugarietan bildutako guztiarekin, APNABI parte den konfederazioak gizarteari eta administrazio publikoei autismoa duten pertsonen osasun-arreta hobetzeko gomendio batzuk argitaratzea espero du.