APNABI jai-giroan murgildurik Gabonetan

Aurten ere, APNABIren Gabonetako jai handiak igurikipen guztiak gainditu ditu. Urteko azken topaketa hau aukera paregabea bilakatu da alaitasunez eta zorionez betetako ospakizun familiar batez gozatzeko.

Abenduaren 20ko (ostirala) arratsaldean, Tximipark parke tematikoa –eszenatoki berri horretara zeuden gonbidatuta APNABIko familiak- goraino bete zen. Bolazko igerilekuak, palmondo arteko txirristak eta errealitate birtualeko jokoen nahiz auto lasterketen guneak haur eta gaztez mukuru zeuden, eta ez ziren falta izan jai guztietan beharrezkoak diren zalaparta, garrasi, jauzi eta algarak.

Aipatzekoa da karaokeko -Arthur eta Rosalinek maisutasunez gidatua- parte-hartzaileak gogotsu aritu zirela eta ausartenak, mikrofonoa harturik, onena opatu zigutela. Bakarren batek bidaia bat eskatu zuen Tenerifera Imsersoko pertsona guztientzat eta, bide batez, bera ere sartu zen bidaiarien multzo horretan, bere lagun guztiekin batera, hotelak izan beharko lituzkeen ezaugarri guztiak iradokiz.

Behin hankak lurrean, non desio gehienen helburua baita zoriontsu izatea, APNABIko presidenteorde Begoña Álvarezek funtsezko helburu bat transmititu zien jaian bildutako familia guztiei: datorren urtean denak berriro elkarrekin egotea. Hitzaldi instituzional labur batean aldarrikatu zuen beharrezko baliabideak lortu behar ditugula gero eta jarduera gehiago planifikatzeko dagoeneko 1.200dik gora familia bazkide dituen antolakunde honetan.

Ondoren, presidenteordeak berak egin zuen zozketa, Natxo Ruiz Azcona kudeatzailearekin batera. Adelin txikiaren eskutxoak atera zuen 72 zenbakidun papertxoa kutxatik, familia zortedun bati zoriona emanaz urdaiazpiko batekin. Segidan, APNABIko familiak elkartzen direnean ohikoa den bezala, “Entremanos” elkarteko Zazpi Jatetxeko neska-mutilek omenaldi gastronomiko berezia egin zieten bertaratu guztiei edaritegian. Beren pintxo eta mokaduek liluraturik utzi zituzten guztiak, eta elikagarri bikaina izan ziren senidetasun eta batasun sentimenduak indartu zituzten solasaldietan.

Bien bitartean, Tximipark-eko beste puntan, Olentzerok txikienen –eta gainerakoen- eskakizunak jaso zituen, bozgorailuetatik Gabon-kanta tradizionalak eta kanta berriagoak entzuten ziren bitartean. Ikazkin mitologikoak itxura kaskar samarra zuen –bizarra ia erorita zeukan-, baina halere denak irten ziren pozik jaitik, irribarre handi batekin eta eskuak goxokiz beteta.

Zorionak!

Comments are closed.