APNABI LANek heldu autistak laneratzeko laguntza-eredua partekatu du Menorcan

APNABI LANek heldu autistei laguntzen duen esperientzia helarazi du Menorcan, haien laneratzea errazteko eta komunitatean bizitza osoko proiektu bat finkatzeko. Zehazki, APNABI LANeko zuzendari eta APNABIko Eguneko Arreta Zentroetako zuzendarietako bat ere baden Iban Huartek prestakuntza bat eman die Fundació per a Persones amb Discapacitat de Menorca fundazioko profesionalei, enplegua lortzea eta talentua garatzea errazteko laguntza-metodologietan oinarrituta.

Fundazio horretako hamabost bat profesionalek parte hartu dute aurrez aurreko saio horretan, eta, horri esker, APNABIko Enplegu Arlotik zabaldutako tresnak eta estrategia praktikoak partekatu ahal izan dira, hautaketa-prozesuak pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitzeko eta enplegurako sarbidea errazteko. Besteak beste, benetako lan-inguruneetako banakako egokitzapenak eta lantaldeetan laguntzak izatearen garrantzia jorratu dira.

Ikuspegi metodologiko horrekin, arreta jartzen zaio pertsona autisten talentua detektatzeari eta sustatzeari, laguntza sareak artikulatuz lantaldeen barruan.

Helduaroari buruzko esperientzien trukea

Egitasmoak lan-topaketa bat ere izan du, TEA Menorca elkarteko ordezkariekin eta Fundació per a Persones amb Discapacitat fundazioko hainbat arlotako profesionalekin. Horien artean, hezkuntzako taldeak eta zentro okupazionala.

Truke horretan, irlako pertsona heldu autisten errealitatea partekatu da, bai eta bizitzako etapa guztietan zehar laguntza eta zerbitzuak koordinatzearen garrantzia ere. Osasunera, etxebizitzara, okupaziora eta parte-hartze sozialera iristea funtsezko alderdiak dira komunitatean bizitza osoa izateko bidean aurrera egiteko, pertsona bakoitzak behar dituen laguntzekin.

Pertsona autisten esperientzia, lehen pertsonan

Prestakuntza hori bi orduko saio telematiko batekin osatuko da, eta bi pertsona autistek parte hartuko dute. Beren testigantzen bidez, enplegua lortzeari buruz dituzten esperientziak partekatuko dituzte, baita laguntza indibidualizatuen zeregina eta horiek lan-merkatu arruntean jarraitzeko lagungarri izan diren faktoreak ere.

Egitasmo honekin, APNABI LANek bere esperientzia beste erakunde eta profesional batzuekin partekatzen jarraitzen du, laneratzea errazten duten eta pertsona autistentzat benetako aukerak sortzen dituzten praktikak bultzatzen lagunduz.

Comments are closed.