APNABI Laneko zentro okupazionalak ere udako oporrak hasi ditu

Kirol dinamikak eta jolas kooperatiboak egin dituzte uztailaren bukaeran // APNABI

APNABI Laneko AZLAN zentro okupazionaleko autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten pertsonek Artxanda mendira taldeko irteera batekin hasi dituzte udako oporrak. Horrela, hilabeteko atsedenaldiaren ostean, irailean ohiko zereginetara itzuliko dira.

Aipatzekoa da ohiko lan-dinamikatik urrun dauden proposamenak egiteko hartu dituzten bi asteren amaiera dela ibilaldi hau. Kirol-praktikaren eta jolas kooperatiboen bidez, parte-hartzaileek garapen pertsonalera eta gizarteratzera bideratutako alderdiak landu dituzte. Izane ere, helburu hori da zentro okupazionalaren jarduera osoa.

Horrela, amaitutzat eman dute COVID-19ren pandemiak eta prebentzio-murrizketek markatutako ikastaroa. Hori dela eta, azken hilabeteetan zentroak eskaintzen dituen beste jarduera batzuk egokitu behar izan dituzte, hala nola bizitza osasungarriari buruzko tailerra, irakurketa-kluba edo antzerki-taldearen dinamikak.

Garapen pertsonala

AZLAN orain dela 10 urte baino gehiago sortu zen, AENdun Bizkaiko pertsona helduei erantzun espezifikoak emateko; izan ere, pertsona horiek zailtasunak zituzten beren garapen soziolaborala ingurune arruntetan jarraitzeko, eta, beren gaitasun pertsonalengatik, horretarako ingurune egituratu bat behar zuten, garatzen jarraitu ahal izateko, inklusioa eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Horrez gain, gaur egun, zentro horrek hainbat zerbitzu ematen dizkie enpresei eta, oro har, publiko orokorrari, modu profesionalean, eta horietan parte-hartzaileek beren lan-trebetasunak praktikan jartzen dituzte: gutun-azalen manipulazioak, koadernaketak, enkarguak eta entregak, APNABI Lan denda, etab.

Izan ere, gero eta enpresa gehiagok dute konfiantza APNABI Lan zentroko lantaldean, hainbat lan egiteko eta AENdun pertsona helduak laneratzen laguntzeko.

Talde argazkia egin zuten Artxandan. // APNABI

Laneratzea

Gaur egun, Mape Seguridad, Mecánica Comercial Meco edo Valle Escudero konpainiek manipulazio-lanak bideratzen dituzte APNABI Lan zentrora, eta Asimob edo Grabit konpainien aplikazio digitalak osatzeko inteligentzia artifiziala entrenatzen ibiltzen dira.

Horri esker, eta pandemiaren gorabeherak gorabehera, zentro okupazionaleko pertsonek beren helburu soziolaboraletan aurrera egiten jarraitu ahal izan dute, eta pertsona horietako lauk lortu dute enplegu arrunta.

Comments are closed.