
APNABI Autismo Bizkaiak autismoan espezializatutako lehen liburu-denda jarri du martxan, autismoaren espektroaren nahasmenduaren inguruan sentsibilizazioarekin, irisgarritasunarekin eta ezagutza zorrotz, kontrastatu eta eguneratuaren hedapenarekin duen konpromisoa indartzen duen baliabide berria.
Hala, katalogo interesgarri eta askotarikoa gehitu du, autismoari buruzko lanak biltzen dituena, baina baita autistek idatzitako obrak ere, autismoa duten protagonistak eta Irakurketa Errazeko lanak dituztenak. Horiek guztiak erakundeko talde profesionalak eta elkarteko bazkideek gomendatutako argitalpenak dira. Gaztelaniaz eta euskaraz daude eskuragarri, eta helduei zein haurrei zuzenduta daude.
→ Lanak APNABI Lan paper-dendan (Lekuona Margolaria kalea 11, Bilbo) kontsulta eta eros daitezke, elkartearen egoitzaren ondoan.
Nabarmentzekoa da dendak deskontu bereziak eskaintzen dizkiela elkarteko bazkide eta profesionalei, autismoari buruzko begirada bermatu eta eguneratua sustatzen duten kalitatezko baliabideetarako sarbidea erraztuz. Ekimen horrekin, APNABIk autismoaren esparruan erreferente gisa duen eginkizuna sendotu du, eta gizarte informatuagoa, irisgarriagoa eta aniztasunarekiko begirunetsuagoa sustatzearen aldeko apustua egin du.
Liburu dendan Irakurketa Errazeko lanak ere eros daitezke.
Liburuen aurkezpenak
Ekimen berri honen baitan, elkartea hainbat literatur eta dibulgazio lanen inguruko aurkezpenak, hitzaldiak eta solasaldiak hartzeko prestatzen ari da. Lehenengo ekitaldia Oihan Iriarte bilbotarraren “Autismoa eta biok” lan ilustratuaren aurkezpena izan zen, apirilaren 29an. Bere orrien bidez, autoreak lehen pertsonan deskribatzen du zer esan nahi duen autismoz bizitzeak, zer erronka dituen eta zer harreman mota izan ditzakeen pertsona autista batekin. Txalapartak argitaratutako lana da.