APNABIk autismoan zahartze aktiboa lortzeko eredu aitzindaria partekatu du FESPAUren Estatuko jardunaldietan

APNABI Autismo Bizkaia elkarteak FESPAU Espainiako Autismo Federazioaren Estatuko jardunaldietan parte hartu du, Madrilen, “Conecta · Impulsa · Transforma” lelopean. Topaketa honetan, Susana Valladolidek, Etxebizitzetako zuzendariak eta APNABIko Eguneko Arreta Zentroetako zuzendarietako bat ere badenak, “Zahartze aktiboa eta esanguratsua pertsona autistengan” tailerra eman du. Bertan, elkartearen esperientzia eta bizitzaren etapa honetan laguntzeko gakoetako batzuk partekatu ditu.

Bere hitzaldian azaldu duenez, autismoaren eremuko erantzunak eta zerbitzuak haurtzaroan eta gaztaroan ardaztuta egon dira hainbat hamarkadatan. Hala ere, egungo errealitateak begirada profesionala eta soziala eraldatzea eskatzen du, zahartze-prozesuari erantzuteko. APNABIren datuek berresten dute aldaketa hori, bazkidetutako pertsonen erdiak baino gehiago helduak baitira.

Ildo horretan, adierazi duenez, “trantsizio demografiko hau jada ez da etorkizuneko hipotesi bat: eguneroko errealitatea da gure etxebizitzetan eta eguneko zentroetan. Adin aurreratuetara iritsiko diren autisten lehen belaunaldi ezagunaren aurrean gaude. Gaur erantzun proaktiboak diseinatzen ez baditugu, berandu iritsiko gara “.

Zahartzearen balorazio sistematikoa

Zahartzaroan ebaluazio-tresnarik ez dagoenez, APNABIren barne-tresna partekatu du, zahartzearen balorazio sistematikoa egiteko. Eskala hori aldizka aplikatzen zaie 40 urtetik gorakoei, eta hiru mailatan egiten du lan: maila indibidualean, Pertsonarengan Zentratutako Planak pertsonalizatzeko eta laguntza funtzionalak aurreratzeko aukera ematen du; zentroan, estimulazio sentsoriala, atseden-errutinak eta jarduera fisikoa doitzea errazten du; eta maila estrategikoan, erakundearen etorkizuneko inbertsioak eta baliabideak orientatzea bilatzen du.

Partekatutako ondorioen artean, azpimarratu du enplegua, bereziki laguntza modalitatean, babes-faktore indartsua dela etapa helduetako kognitiboki txarrera egitearen aurrean.

Azkenik, tailerrak pertsona autisten zahartzeari laguntzeko beste gako batzuk jorratu zituen, hala nola, inguruneak haien zentzumen-premietara egokitzea, haien autonomia bultzatzea, gizarte-harremanak sustatzea eta nahi ez den bakardadea prebenitzea, ohitura osasuntsuak sustatzea eta gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea, arreta egokia bermatzeko.

Comments are closed.