
Hirugarren urtez jarraian, APNABI Autismo Bizkaiak pertsona autista helduak bildu zituen LGTBIQ+ Harrotasunaren aldeko III. Topaketan, esperientziak partekatzeko, aniztasunari buruz hausnartzeko eta ingurune seguru eta inklusiboak eraikitzen jarraitzeko gune gisa sortutako egitasmoan. Jarduera joan den ekainaren 26an egin zen Kabi Espazioan.
Neurodibergentziaren eta sexu- eta genero-aniztasunaren arteko elkargune aberasgarria ikusaraztea eta modu irekian ospatzea izan zen jardunaldiaren ardatza, aurreiritzirik gabeko ingurunea sendotuz, bizipenak lehen pertsonan partekatzeko.
Topaketa partaidetzazko elkarrizketa batekin hasi zen. Bertan, hainbat kontzeptu sakon jorratu ziren, hala nola “neuroqueer-a”, genero-disidentzia eta disidentzia afektiboa neurodibergentziatik mundua bizitzearekin zuzenean lotzen duen terminoa; edo “autigeneroa”, autismoak pertsona baten genero-identitatean edo -pertzepzioan nola eragiten duen deskribatzen duena, bi esperientziak banaezinak bihurtuz.
Solasaldian, bertaratutako pertsonek gogoetak, banakako errealitateak eta eguneroko esperientziak partekatu zituzten, eta agerian utzi zuten foroak sortu behar zirela errealitate horiek oztoporik gabe adierazi ahal izateko.
Eztabaidaren ondoren, dinamismoa sormen-tailer irekira eraman zen. Adierazpen artistiko askeko espazio horretan, parte-hartzaileek beren irudimena zabaldu zuten pankartak eta kartelak diseinatzeko eta pertsonalizatzeko. Kolorez eta errebindikazio-mezuz beteriko sorkuntzek kolektiboaren harrotasuna modu plastikoan islatzeko balio izan zuten.
