
APNABI Autismo Bizkaia elkarteak pertsona autistak, familiak eta autismoarekin lotutako profesionalak gonbidatzen ditu kontsulta ireki batean parte hartzera, Bilbon ospatuko den 2028ko Autismo Europaren Nazioarteko 15. Kongresuan jorratzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten gaiak proposatzeko. Jasotako ekarpenek Kongresuaren edukien definizioa bideratzeko balioko dute.
Parte hartzeko, online galdetegi labur bat bete behar da. Bertan, Kongresuan egon beharko luketen gaiak, egungo erronkak edo ikerketa-ildoak proposa daitezke.
Kontsulta honekin, APNABIk Kongresuaren antolaketaren lehen faseetatik komunitatearen partaidetza izan nahi du eta bere behar, kezka eta interes nagusiak ezagutu. Programaren helburua da kolektiboaren parte diren pertsonentzat garrantzitsuak eta interesgarriak diren gaiak jorratzea.
Kongresua erreferentzia-gune bat izango da ezagutzak, aurrerapen zientifikoak, jardun egokiak trukatzeko eta eskubideen defentsarako. Hori dela eta, erakundeak inplikatutako pertsona guztien ahotsa txertatu nahi du edukien diseinuaren eta plangintzaren hasierako fasetik.
