APNABIk laguntza emango die mendeko langileen 5 plaza betetzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren hautaketa-prozesuan parte hartu nahi duten pertsona autistei

APNABI Autismo Bizkaia Elkarteak laguntza emango die mendeko langileen bost plaza betetzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren hautaketa-prozesuan parte hartu nahi duten AENdun pertsonei. Plaza horiek desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat dira eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu Eskaintzaren barnean kokatzen dira.

APNABI Elkarteak sustapen soziolaboraleko ENTREMANOS eremuaren bidez emango du laguntza hori eta, zehazki, urrats hauetan lagunduko da:

  • Izen-ematea eta behar den dokumentazioaren tramitazioa.
  • Prestakuntza eta probetara aurkeztea.
  • Deialdiko plaza bat lortuz gero, APNABIk laguntza emango du laguntzadun enpleguaren metodologia erabiliz.

Bost plazentzako deialdia azaroaren 24an argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta bertan dio abenduaren 28an amaituko dela izena emateko epea.

Oinarri espezifikoetan jasota dagoen bezala, lanpostuaren funtzio nagusia da erabiltzaileei eta mendekotasunei arreta ematea. Horien barne daude, besteak beste, dokumentazioa eta espedienteak jaso eta banatzea, kaxak eta bulegoko materiala lekualdatzea, eraikinen eta lokalen egoera eta instalazioen eta makinen funtzionamendua zaintzea, eta bulegoko oinarrizko lanak gauzatzea (inprimatzea, eskaneatzea, azaleztatzea, etab).

Prozesuan parte hartu ahal izateko ez da titulaziorik behar, baina ezinbestekoa da aitortutako desgaitasun-maila % 33koa edo altuagoa izatea.

Aldundiak lehenengo aldiz eskaini ditu desgaitasun intelektuala duten pertsonei berariaz zuzendutako plazak. Horrelako hautaketa-prozesu baterako oinarriak sortzeko eta egokitzeko, foru erakundeak kolektibo horrekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeen aholkularitza jaso du, besteak beste, APNABI Autismo Bizkaia Elkartearena.

Informazio gehiago jaso nahi dutenek bete dezatela www.apnabi.eus/OPE2017 web orriko inprimakia edo jar daitezela zuzenean harremanetan APNABIrekin 944756501 telefonoan edo entremanos@autismo-bizkaia.eus posta elektronikoan.

Comments are closed.