Taldea 14 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta astearteetan entrenatuko du Berangoko Kirolgunean

APNABI Autismo Bizkaiak Berangoko Hontzuriak saskibaloi taldeak abian jarritako egitamo inklusibo berri batean parte hartzeko deia egiten du: 2026/27 denboraldiari begira egokitutako saskibaloi talde berri baten sorrera. Bizkaiko Saskibaloi Federazioak eta Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioak antolatutako Bizkaiko saskibaloi egokituko BBK Ligan parte hartzea da helburua.
Taldean izena emateko gutxieneko adina 14 urtekoa da. Denboraldian zehar, ohiko entrenamenduak eta partidak Berangoko Kirolgunean burutuko dira. Entrenamenduen kasuan, astearteetan izango dira, 18:15etik 19:30era. Denboraldiko urteko kuotaren prezioa 260 eurokoa da.
Egitasmo honen bidez, kirol-espazio egonkor, inklusibo eta komunitario bat sortu nahi da, desgaitasuna duten pertsonek saskibaloiaz, kirola egiteaz, sozializatzeaz eta taldean lehiatzeaz goza dezaten. Proiektuak Berangoko Udalaren babesa eta APNABI, Gaude, Down Sindromea Fundazioa eta Argia Fundazioa bezalako erakundeen laguntza du, besteak beste.
Informazio gehiago lortzeko edo izena emateko, interesdunek APNABIko aisialdi eta denbora libreko taldearekin harremanetan jarri beharko dute, aisialdia@apnabi.eus helbidera idatziz edo 94 447 14 17 telefonora deituz, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 16:00etara. APNABIk interesdunen datuak emango dizkio klubari, eskaera eta jarduerarekin zerikusia duten gainerako gaiak kudea ditzan.
Lehen entrenamendua
Datorren igandean, irailaren 20an, izango da denboraldiko lehen entrenamendua. Aukera egokia izango da proiektua eta taldea ezagutzeko eta taldean parte hartzea baloratzeko.
Klubak kamiseta bat oparituko die taldeko kide berriei. Aurreko denboraldian parte hartu zutenek klubeko kamiseta eraman beharko dute. Halaber, zapatilak, kirol-arropa eta ur botila bat eramatea gomendatzen da. Entrenamenduaren ondoren dutxak erabiltzeko aldagelak dituzte instalazioek.
GARRANTZITSUA: Jarduera hau Berangoko Hontzuriak klubak antolatzen du. APNABIk informazioa zabaltzen laguntzen du, baina proiektua antolatzea erakunde antolatzaileari dagokio.
