
Apnabi Autismo Bizkaia elkarteko Gogoeta Etikoko Taldeak ikasturte berriko lehen bi lan-saioak egin ditu. Horietan, aurrera egin du funtzionamenduaren definizioan eta dokumentu euskarri bat prestatzen, argi eta erraz azaltzeko zer den etika elkartearen eta pertsonei laguntzearen esparruan, bai eta kontsulta edo gatazka etiko bati heltzeko urratsak ere.
Gogoeta Etikoko Taldeak elkartearen egunerokoan sor daitezkeen egoera konplexuak aztertzen eta orientatzen jarraitzen du. Pertsona autistak eta senideak taldean sartzeko aukera zabaldu zenetik, egoera bakoitzaren azterketak ikuspegi eta sentsibilitate desberdinak kontuan hartzeko aukera ematen du, betiere pertsona erdigunean jarriz.
Konponbiderik onenak aurkitzeko elkarrizketa
Gogoeta Etikoko Taldeak eredu deliberatibo bioetikoa erabiltzen du, elkarrizketan, entzutean eta ikuspuntu desberdinak aztertzean oinarritua. Helburua ez da erabateko erantzunak aurkitzea, baizik eta gatazkan sar daitezkeen balioak eta eskubideak identifikatzea eta aukerak baloratzea, ahalik eta irtenbiderik onena bilatzeko.
Prozesu horri esker, erabakiak hausnartuta eta arrazoituta har daitezke, kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuta eta pertsonen eskubideen, autonomiaren eta ongizatearen arteko orekarik onena bilatuta.
Nola eraman kontsulta bat Gogoeta Etikoko Taldera?
Zalantzak dituen edo dilema etiko baten aurrean dagoen Apnabiko edozein pertsona autista, senide edo profesionalek gre@apnabi.org helbide elektronikoaren bidez helaraz diezaioke kontsulta taldeari.
Kontsulta guztiak konfidentzialtasunez jorratzen dira. Kasu bakoitza aztertu ondoren, Gogoeta Etikoko Taldeak erantzun arrazoitu bat ematen du, aukerak baloratzen laguntzeko eta erabakiak hartzea errazteko.
Taldeak elkarteko pertsonak bide hori erabiltzera animatzen ditu, zalantza edo egoera etikoen aurrean daudenean. Kontsulta horiek partekatzeak aukera ematen du elkarrekin hausnartzeko eta erantzunak bilatzeko, pertsona bakoitzaren eskubideak, beharrak eta ongizatea kontuan hartuta.
