
APNABI Autismo Bizkaia elkarteko Kabi Espazioan “Autismoa eta biok” liburuaren aurkezpen solasaldia izango da datorren apirilaren 29an, asteartean. Ekitaldia 18:00etan hasiko da eta Oihan Iriarte egile Bilbotarrak eta Garazi Arrula editoreak parte hartuko dute. Euskaraz egingo da, eta sarrera librea eta doakoa izango da aretoaren edukiera bete arte.
APNABI Autismo Bizkaia elkarteak antolatutako ekitaldi berezia da hori Liburuaren Eguna dela eta. Bertan bere denda fisikoan eskuragarri dagoen autismoan espezializatutako liburudenda zerbitzu berria ere aurkeztuko du elkarteak.
Duela gutxi argitaratu du Txalapartak ‘Autismoa eta biok’. Liburu honetako protagonista estralurtar bat bezala sentitu izan da, mundu guztiari elkarrekin jarduteko gida bat eman baliote bezala berari izan ezik. Harik eta autismoa zuela azaldu zioten arte. Orduan hasi zen bere burua eta bere jarrerak ulertzen, eta halaxe azaltzen dizkio irakurleari.
Bere orrien bidez, lehen pertsonan deskribatzen da zer esan nahi duen autismorekin bizitzeak, zer erronka dituen eta zer harreman mota izan ditzakeen pertsona autista batekin. Estereotipoak haustera eta komunikazioa erraztera gonbidatzen duen obra, inor gehiago estralurtar senti ez dadin.
Liburutegi espezializatua
Lana dagoeneko salgai dago APNABIren liburudendan, elkarteak egun horretan bertan aurkeztuko duen autismoan espezializatutako proiektuan. Horrela, APNABIk TEAn espezializatutako argitalpenak eta egile autisten lanak biltzen dituen katalogoa eskaintzen du, euskaraz zein gaztelaniaz. Hori guztia autismoa duten pertsonen, familien eta profesionalen eskura gomendatutako ipuinak eta materialak jartzera bideratuta dago. Ekimen honekin, APNABIk sentsibilizazio sozialarekin eta autismoaren inguruko baliabide erabilgarri eta eguneratuetarako sarbidearekin duen konpromisoa indartzen du.