
APNABI Autismo Bizkaiaren Derioko zentroak Eusko Jaurlaritzaren Auzolandegiak programaren edizio berri bat hartuko du abuztuaren 16tik 30era. Elkarteak laugarren aldiz parte hartuko du gazteen boluntariotzako esparruen egitasmo honetan, bizikidetza eta inklusioa sustatzen dituena.
Edizio honetan 15 gazte boluntariok parte hartuko dute, eta bi astez arituko dira ikastetxeko hainbat jardueratan. Baratzearen inguruan egiten diren lanez gain, hainbat espazio eta jarduera partekatuko dituzte pertsona autistekin, elkarren ezagutza eta esperientzien trukea bultzatuz.
Auzolandegiek aukera ematen diete parte-hartzaileei gizarte-esparrura hurbiltzeko eta lankidetzan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako boluntariotza-esperientzia bat bizitzeko. Aldi berean, elkartea osatzen duten autistak eta boluntarioak aberasten dituzten topaguneak sortzen laguntzen du.
Egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demokratiko Sailak bultzatzen du eta Gaztetxo Eskolak kudeatzen du. Gainera, proiektuak, beste behin ere, Txorierri Politeknikaren laguntza du, zeinak bere instalazioak lagatzen baititu boluntarioentzako ostatua eta eguneroko jarduerak egiteko.
