Arrigorriagako Udalak udalerriko APNABI eguneko arreta zentroa bisitatu du

Joan den astelehenean, irailak 20, APNABI Autismo Bizkaia elkarteak Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Joana Etxeberria Gizarte ekintza eta politika feministako zinegotzia hartu zituen herri horretako bere eguneko arreta zentroan (EAZ). Elkartearen jarduera eta zentroaren egunerokotasunean gertutik ezagutzeko aukera izan zuten egindako visitan. Horretan lagun izan zituzten Mikel Pulgarin APNABIko presidentea, Natxo Ruiz elkarteko gerentea, Susana Valladolid Eguneko Arretarako zuzendaria eta Cristina Garcia zentroko koordinatzailea.


Elkartearen talde profesionalak egunerokotasunean autismoaren espektroan nahasmendua (AEN) duten pertsonen bizi-kalitatea eta inklusioa hobetzeko garatzen dituen proiektu, programa eta jarduerak ezagutzeko aukera izan zuten.


Arrigorriagako Udalak APNABIri utzi zion espazio horren erabilera – aspaldiko institutua zena – 2005ean, eta gaur egun, eguneko zentro gisa martxan jarri zenetik 16 urtera, elkarteak dituen 10 EAZko sarearen parte da, eta astelehenetik ostiralera AENdun 30 pertsonari ematen die zerbitzua, 10 pertsonako talde profesional batekin. Hainbat jarduera garatzen dituzten tailer eta areto komunez gain, fisioterapia-zerbitzua, estimulazio sentsorialeko eta psikomotrizitateko gelak ditu. Kanpoko espazio zabalak ere baditu.


Aipatzekoa da asteburuetan APNABIk zentro hori aterpetxe gisa erabiltzen duela, eta bere logeletan 15 pertsona hartzen dituela ostiraletik igandera bitarteko familientzako arnasaldien bidez. Oporraldietan ere eguneko koloniak egiten ditu elkarteak bertan.

Comments are closed.