
APNABIren irisgarritasun kognitiboko taldea, ErrazTEA, Bizkaiko Foru Aldundia Bilboko San Bizente plazan herritarrentzako arretarako foru bulego berriak diseinatzeko eta egokitzeko prozesuan sartuta dago. Testuinguru horretan, ErrazTEAk profesionalentzako saio bat eskaini du, irisgarritasun unibertsala, irisgarritasun kognitiboa eta espazio irisgarrien diseinuari buruzko jarraibideak ezagutarazteko. Helburua da espazio berria ulerterraza, intuitiboa eta erabiltzaileen orientazioa errazten duena izatea.
Aldundiak dagoeneko hasi ditu Albia lorategien ondoan dagoen eraikina eraberritzeko lanak. Bertan Gertu herritarren arretarako zerbitzua jarriko du, gaur egun foru liburutegian eskaintzen dena eta leihatila bakar batean hainbat izapide egiteko aukera ematen duena. Kokapen berri honekin, espazio zabalagoa, modernoagoa eta herritarrentzat erosoagoa eskaini nahi da.
ErrazTEAko taldearen lana espazioaren antolaketan, seinaleztapenean, ibilbideetan eta informazioaren argitasunean oinarritzen da, ulermen-oztopoak murrizteko. Gai horrek pertsona guztiei egiten die mesede, eta, bereziki, adimen-desgaitasuna edo ulertzeko zailtasunak dituztenei.
Herritarrei arreta emateko foru-bulego berri hau sortzea Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategiaren zati bat da, aurrez aurreko arretaren kalitatea hobetzeko eta zerbitzu publiko inklusiboagoetarantz aurrera egiteko, irisgarritasuna hasierako diseinutik integratuta egon dadin.
