“Hizkuntza neuroaniztasunean ikertzen” erakusketa EHUren Arabako Campuseko Unibertsitate Pabilioiko Erakusketa Aretoan dago ikusgai, Gasteizen, otsailaren 27ra arte

Otsailaren 27ra arte, Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloiko Erakusketa Aretoak “Hizkuntza neuroaniztasunean ikertzen” erakusketa dibulgatiboa hartuko du. Erakusketa Language in Neurodiversity Lab-ek (LindyLab, EHU) antolatu du, Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldea (HiTT) ikerketa-taldearen barruan.
Erakusketak modu ulergarrian aurkezten ditu azken urteotan pertsona autisten eta Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua (TDL) duten pertsonen hizkuntzaren garapenari eta erabilerari buruz egindako ikerketa nagusiak. APNABIko autismoa duten 20 adingabek baino gehiagok eta haien familiek parte hartu dute.
Guztira 16 ikerketaren ibilbidea eskaintzen du —gehienak autismoari buruzkoak—, eta hizkuntzaren hainbat arlo lantzen ditu, hala nola, hizkuntzaren erabilera testuinguruan; eta arlo horiek profil oso desberdinak dituzten haur, nerabe eta heldu autistetan nola agertzen diren erakusten dute.
Informazio praktikoa
Erakusketako poster bakoitzak QR kode bat dauka, azalpen-bideo batera sartzeko aukera ematen duena. Bideo horietan, ikerketa-taldeko kideek ikerketen emaitzak azaldu eta testuinguruan kokatzen dituzte.
Erakusketa familiei, profesionalei eta, oro har, publiko orokorrari zuzenduta dago, eta bere helburua da autismoa duten haur, nerabe eta helduen parte-hartzeari esker sortutako ezagutza komunitateari itzultzea.
Sarrera doakoa da, eta erakusketa astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 8:00etatik 20:00etara. Jarduera osagarri gisa, astean behin bisita gidatuak egingo dira arratsaldez. Bisitetan, bertaratzen direnek galderak egin, ikerketak komentatu eta ikerketa-ildo desberdinetan sakontzeko aukera izango dute.
