Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Euskadin autismoa duten pertsonei arreta integrala emateko

Eusko Legebiltzarrak, 2022ko urriaren 20an, Eusko Jaurlaritzari autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten pertsonen arreta integralean eta inklusioan eragiteko eta aurrera egiteko eskatzen dion akordio bat onartu zuen. Hala, Gobernuari honako hau eskatzen dio:

  • Azterlana egitea AENa duten pertsonen populazio-errealitateari buruz, bai eta haiek eta haien familiak artatzeko dauden baliabideei buruz ere, bizitzan zehar eta osasunaren, gizarte-zerbitzuen eta hezkuntzaren eremuetan, bai eta haien arteko koordinazioari buruz ere.
  • Kolektiboarekin osasunaren, gizarte-zerbitzuen, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan lan egiten duten profesional guztiei prestakuntza espezifikoa ematea.
  • Jarraitzea kolektiboa euskal gizartean erabat sartzea bermatuko duten politika publikoak bultzatzen, hala nola irisgarritasun kognitiborako laguntzak eta sentsibilizazio-kanpainak.
  • Autismoa duten ikasleak hezkuntza-sisteman sartzea bultzatzen jarraitzea, horretarako etapa guztietan behar diren laguntzak eta baliabideak bermatuz, baita beharrezko tresna digitalak eta komunikazio-sistema handigarriak eta alternatiboak ere.
  • Autismoa duten pertsonentzako protokolo bat prestatzea eta abiaraztea Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren barruan, beren behar espezifikoei erantzuteko

Lankidetza-eskaera

Akordio hori esteka honetan kontsulta daiteke, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lerro hauek lurralde bakoitzean autismoa duten pertsonekin eta haien familiekin lan egiten duten gizarte-eragileekin lankidetzan gara ditzala, hala nola Arabako Autismoarekin, Gipuzkoako Gautenarekin eta Bizkaiko APNABIrekin. Erakunde horiek guztiek ibilbide eta errekonozimendu handia dute eremuan, Euskadiko autismoa duten pertsona eta familia gehienak biltzen dituzte, eta baliabideak, laguntzak eta aukerak eskaintzen dituzte lankidetzatik.

Proposamena

Legez besteko proposamen hori EH Bildu legebiltzar-taldeak egin zuen, eta EA-NVk, ES-SVk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk berak sinatu zuten. Saioaren transkripzioa esteka honen bidez kontsulta daiteke.

Comments are closed.