Beren eremuko ikuspegi multisentsoriala indartu nahi duten APNABIko eguneko arreta zentroetako 14 profesionalek Snoezelen teknikari buruzko prestakuntza jaso dute, APNABIko eguneko arreta zentroetan estimulazio multisentsoriala sustatzeko.
Snoezelen estimulazio multisentsorialaren ikuspegi bat da, zeinaren bidez ongizate eta erlaxazio egoera bat lortzen baita, betiere pertsona bakoitzaren premiak ongi aztertu eta ezagututa, eta kanal desberdinetatik (ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena, usaimena, bestibulua eta sistema propiozeptiboa) jasotako zentzumenetako estimuluek ematen dituzten sentsazioetatik abiatuta.
Teknika horri buruzko prestakuntza barneratzeko Janire Rojas profesionalaren laguntza izan dugu, zeinak 10 urtetik gorako esperientzia baitu, eta baita ere psikologia nahiz hezkuntza arloetako prestakuntza. Gizarte Hezkuntzako graduatua da, Snoezelen metodologiari buruzko prestakuntza jaso zuen Hego Korean eta Berlinen, AUSARTI konpainiako zuzendaria da, Snoezelen España erakundeko koordinatzailea da eta ISNA Snoezelen profesional elkarteko kide ere bai. Bere laguntzari esker, Snoezelen ikuspegiari buruzko ezagutzak garatu ditugu. 60 orduko eta hiru modulutan banatutako ikastaro bat egin dugu ekainetik irailera, eta orain lantalde profesionalak badu gaitasuna estimulazio multisentsorialaren ikuspegi hau garatu eta lantzeko.
Ikastaro hori Arrigorriagako EAZko instalazioetan egin dugu, ikasitako ezagutza teknikoak praktikan jarri ahal izateko. Gure helburua da Snoezelen metodologia sustatzea zentro guztietan, horrela zentro horietako erabiltzaileen beharrei erantzuteko.
APNABIk, Helduaro eremuak eta zentroetako profesionalek bere egin dute Snozelen estimulazio sentsorialean prestatzeko erronka, esku-hartze arloko alternatiba eta estrategia berriak erabiltzen hasteko zentroetan, beti ere AENdun pertsonen beharren ezagutzatik abiatuta, eta helburutzat izanik beren bizi-kalitatea hobetu eta aberastea.
Orain taldean ekin behar diogu bideari, Snoezelen gorputz-lanketa eta ikuspegia bultzatzeko gure eremuan. Animo!!!