Sondikako herritarren elkartasunak 4.500 euro bildu ditu APNABI Autismo Bizkaiarentzat

Ekainaren 21ean egin zen Herri Bazkari Solidarioan 300 lagun batu ziren, Sondikako Udalak eta Bizkaiko Sukaldarien Bilkura (BISUBI) Fundazioak elkarlanean antolatutako ekimenean

Sondikako Udalak gaur goizean eman dio APNABI Autismo Bizkaia elkarteari San Juan jaien baitan antolatutako Herri Bazkari Solidarioan bildutako 4.500 euroko ekarpena. Udaletxean egindako ekitaldian gauzatu da dohaintzaren entrega, herritarren parte- hartzeari eta elkartasunari esker lortutako emaitza ospatzeko.

APNABIren izenean, Mikel Pulgarín presidenteak jaso du ekarpena, autismoa duten pertsonen eta haien familien ordezkari gisa. Berarekin izan dira Naia Landa Sondikako alkatea eta Alaitz Zabala, Deñe Sarria eta Aitor Mujika zinegotziak; bai eta bazkaria prestatu zuen Bizkaiko Sukaldarien Bilkura (BISUBI) Fundazioko Xabi Zubiaga sukaldaria eta Silvia Palenzuela komunikazio arduraduna ere.

Aurtengo Herri Bazkari Solidarioak berriro ere herritarren babes osoa jaso du. Antolatzaileek salgai jarritako 300 txartelak aurrez agortu ziren eta BISUBI Fundazioak menu guztiak prestatu eta zerbitzatu zituen San Juan jaien egitarauaren barruan.

Bero handia egin zuen egunean bertan, baina giroa freskatzeko sistemekin gozagarria izan zen bazkaria. Hala ere, nahi zutenei, jatekoa tupper batean eramateko eta etxean bazkaltzeko aukera eman zitzaien, Rexcatering erakundearen lanari esker. Soberan geratu zen jateko apurra ere horrela banatu ahal izan zen, ezer ere ez zakarreratzeko.

BISUBI Fundaziotik adierazi dutenez, “urtez urte ekimen honetan parte hartzea ohorea da guretzat. Herritarren elkartasunarekin bat egitea, maite duguna egitea eta APNABI bezalako elkarte batekin lan egin ahal izatea motibazio handia dira”.

Naia Landa alkatearen hitzetan, “Sondikak beste behin erakutsi du herri solidarioa dela. Herritarren erantzunari esker, APNABI bezalako funtsezko erakunde bati lagundu ahal izan diogu, eta horrek balio handia du. Herri Bazkari Solidarioa gure jaien barruan sendotzen ari den hitzordua da, eta poz handia ematen digu elkartasunak hainbesteko indarra izaten jarraitzea”.

Comments are closed.