AENdun pertsonen helduaroa: Lana eta Bizitza Independentea, hurrengo APNABI GELAren gaia

APNABI GELAren hurrengo jardunaldian helduaroa, enplegua eta bizitza independentea landuko ditugu, gai horrek interes eta kezka handia pizten duelako autismodun pertsonen familien artean. Jardunaldia Bilbon egingo da abenduaren 2an, eta hizpide hartuko dira, besteak beste, nolako zailtasunak dituzten AENdun pertsonek helduaroan lanpostu bat lortu eta mantentzeko, eta nolako laguntzak eta mekanismoak dituzten lan merkatuan sartzeko.

APNABIk topaketa horretan aurkeztuko ditu bere Sustapen Soziolaboraleko eremuak garatzen dituen ekimenak eta Lanbide zerbitzuaren laguntzaz garatzen den Egonahi Programaren ezaugarriak. Programa horren bidez lan merkatuan sartzen diren pertsonek lan-prestatzaile baten laguntza indibidualizatua jasotzen dute eta enpresa kontratatzaileek, berriz, aholkularitza zerbitzua.

Jardunaldi horretan orobat azalduko da nola laguntzen eta sustatzen duen APNABIko Etxebizitza Eremuak AENdun pertsonen gaitasunak garatzen, gaitasun horien bidez bizitza independentea izan dezaten. Ekimen horiek Eusko Jaurlaritzak finantzatutako programa espezifiko baten bidez garatzen dira.

Hizlari arituko dira enpleguaren eta bizitza independentearen arloko hainbat diziplinatako teknikariak eta adituak. APNABIk egitaraua zehaztean emango die beronen berri familia bazkideei.

Comments are closed.