Pertsonak

Inicio » Pertsonak

Pertsonak

AENa duten pertsonek batzuetan “ezgaitasun ikusezin” bat izaten dute. Horrek esan nahi du ezgaitasun horrek ez duela inongo ezaugarri berezirik kanpoko itxurari dagokionez, eta soilik portaeretan geratzen dela agerian.

Autismoa modu desberdinean agertzen da pertsona bakoitzean. Horregatik, norbanakoen beharrak oso heterogeneoak dira.

Oculto
AEN BAT DUTEN PERTSONEN ESKUBIDEAK

Beren duintasun osoa bermatzeko, jakin behar dugu AEN bat duten pertsonak gai direla helburu zehatz batzuk lortzeko (adibidez, independentzia eta autodeterminazioa), eta horrela tratatu eta hartu behar ditugu kontuan. AEN bat duten pertsonek ezgaitasunak dituzten pertsona guztientzat babestu eta defendatzen diren eskubide berberak izan behar dituzte.

Hala ere, dituzten beharrak oso konplexuak direnez, AEN bat duten pertsonek bereziki ahula den taldea osatzen dute, baita ezgaitasuna duten pertsonen artean ere. Europako Batzordeak azpimarratu zuen bezala, AEN bat duten pertsonek diskriminaziorik latzenak jasaten dituzte askotan.

1996an Europar Batasuneko estatu kide guztiek adierazpen hau sinatu zuten:

I. Autismoa duten pertsonek eskubide osoa dute bizitza independentea izateko eta beren ahalmenen heinean garatzeko.

II. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute aurreiritzirik gabeko diagnostiko eta ebaluazio zehatz bat izateko.

III. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute hezkuntza irisgarria eta egokia izateko.

IV. Autismoa duten pertsonek (edo euren ordezkariek) eskubidea dute beren etorkizunari eragiten dieten erabaki guztietan parte hartzeko.

V. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute etxebizitza irisgarri eta egokia izateko.

VI. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute bizitza emankor, duin eta independente baterako beharrezko dituzten ekipamendu, laguntza eta zerbitzuak eskuratzeko.

VII. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute diru-sarrera edo soldata bat jasotzeko, behar adinakoa izango dena behar bezala jan, jantzi eta ostatu hartzeko nahiz bizitzako beste edozein beharrizani aurre egiteko.

VIII. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute beren ongizatea helburu duten zerbitzuak garatu eta kudeatzeko, ahal den neurrian.

IX. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute beren buruko eta gorputzeko osasunarentzat nahiz beren bizitza espiritualarentzat egokiak diren aholkuak eta terapiak eskuratzeko. Horrek esan nahi du eskuragarri izan behar dituztela kalitatezko tratamendu eta sendagaiak.

X. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute beren nahiekin bat datorren prestakuntza eta enplegu egokia izateko, diskriminaziorik eta aurreiritzirik gabe. Prestakuntzak eta enpleguak kontuan izan beharko lituzkete norbanakoaren gaitasunak eta interesak.

XI. Autismoa duten pertsonek (edo euren ordezkariek) eskubidea dute laguntza juridikoa eta beren legezko eskubide guztiak izateko.

XII. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute garraiobideak erabiltzeko eta askatasunez mugitzeko.

XIII. Autismoa duten pertsonek eskubide osoa izan behar dute kultura, entretenimendua, aisialdia eta kirol-ekintzak eskuragarri izan eta haiek bete-betean gozatzeko.

XIV. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute gainerako biztanleen eskura jarritako ekipamendu, zerbitzu eta jarduera guztiak erabili eta aprobetxatzeko.

XV. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute bizitza sexuala izateko, behartuak izan gabe (ezkontza barnean ere) edo gehiegikeriarik jasan gabe.

XVI. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute ospitale psikiatriko batean edo beste edozein erakunde itxitan bidegabeki sartzearen mehatxutik libre eta beldurrik gabe bizitzeko.

XVII. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute tratu txar fisikorik ez jasateko eta zaintza-arloan gabeziarik ez nozitzeko.

XVIII. Autismoa duten pertsonek eskubidea dute egokiak ez diren edo gehiegizkoak diren terapia farmakologikorik ez jasotzeko.

XIX. Autismoa duten pertsonek (edo euren ordezkariek) eskubidea izan behar dute beren fitxa pertsonala eskuragarri izateko arlo medikoari, psikologikoari, psikiatrikoari eta hezkuntzakoari dagokienez.

BIZITZAN ZEHAR EMATEN ZAIZKIEN LAGUNTZAK

AENa duten pertsonek batzuetan “ezgaitasun ikusezin” bat izaten dute. Horrek esan nahi du ezgaitasun horrek ez duela inongo ezaugarri berezirik kanpoko itxurari dagokionez, eta soilik portaeretan geratzen dela agerian.

Autismoa modu desberdinean agertzen da pertsona bakoitzean. Horregatik, norbanakoen beharrak oso heterogeneoak dira.

Autismoa espektroko nahaste bat denez, pertsonak zailtasun arinak edo larriak izan ditzake gaitasun sozialetan eta komunikazio gaitasunetan. Zailtasun arinak dituen pertsona batek beste batzuekin batera ikasi edo lan egin dezake askotan, nahiz eta sarri zailtasun handiagoak izan elkarreraginerako eta komunikaziorako. Zailtasun larriak dituen pertsona batek askotan 24 orduko laguntza behar izaten du bizitza osoan zehar, baita eguneroko eginkizunetarako ere, adibidez jateko, bere burua garbitzeko edo janzteko.

AEN bat duten pertsonek diagnostiko goiztiarra izan behar dute. Horregatik, ezinbestekoa da nahastea garaiz detektatzeko tresnak sartzea haurraren garapenaren eguneroko zaintzan, jarraipen berezia eginez arriskuan dauden haurrei (adibidez, jada AEN bat diagnostikatuta duten haurren neba-arrebei edo adimen-urritasuna duten pertsonei).

Arreta goiztiarra

Behin AENaren diagnostikoa egin ondoren, arreta goiztiarrak garrantzi handia izango du adin txikikoaren garapenean eta haren eta familiako gainerako kideen bizi-kalitatean duen eraginean. Arreta goiztiar hori AENa duen adin txikikoaren eta haren familiaren beharrei egokitua izango da. Gaitasun handiko profesionalek osaturiko diziplina-arteko taldeek emango dute, AEN bat duten haurren arreta integralerako eredu eta teknika berezien inguruko etengabeko prestakuntzaren bidez. Arreta goiztiarra APNABI Autismo Bizkaia elkartean.

Osasun-arloko arreta eta esku-hartzea

AENek garapen prozesuari eragiten diote, eta, beraz, nahaste horiek dituzten pertsonen berezko ezaugarri dira. Hala ere, nahaste mota horiek dituzten ezaugarri nagusien inguruko ikerketa eta ezagutzari esker, esku-hartze gero eta eraginkorragoak sortu dira, eta horien ondorioz, hobetu egin da AEN bat duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea.

Estrategia horiek psiko-hezkuntzaren arlokoak dira batez ere, eta arreta berezia jartzen diete pertsonaren komunikazio eta gizarte garapenari, bai eta haren bizitzarako esanguratsuak eta garrantzitsuak diren ikaskuntzak sustatzeari. Gainera, agerian jartzen dute garrantzitsua dela laguntza eta esku-hartze horiek banakakoak izatea eta ahalik eta azkarren ematea. Era berean, estrategia horien helburua izan behar da pertsona horrek bere ingurunean parte hartzea eta haren interesak eta nahiak kontuan hartzea. Azkenik, azpimarratzen da garrantzitsua dela esperientzia eta ikaskuntza pertsona horrek biziko dituen testuinguru guztietara zabaltzea, haren autonomia pertsonala eta gizarteratzea modu eraginkorrean sustatuz.

Osasun-arreta zaila izan ohi da nahaste mota hauen ezaugarriengatik beraiengatik; osasun-arazoak nabarmendu gabe eta ezkutuan gera daitezke, zailtasunak dituztelako, batetik, zentzumen-estimuluak prozesatzeko eta mina hautemateko eta minari erantzuteko eta, bestetik, sintomak jakinarazteko.

Gainera, AEN bat duten pertsonek, batez beste, gainerako biztanleek baino maizago izaten dituzte bestelako osasun-arazoak, adibidez, epilepsia edo loaren nahasteak; arazo horiek osasun arreta espezializatua eskatzen dute. Era berean, arreta berezia jarri behar zaie beren burua zaintzeko eta autonomia pertsonaleko gaitasunei; AEN bat duten pertsonen kasuan, gaitasun horiek laguntza espezializatua behar izan dezakete, zailtasunak ager daitezkeelako auto-plangintzan eta ekintzak antolatzerakoan nahiz norbere itxuraren “auto-pertzepzioan”.

Banakako edo taldekako tratamenduaren bidez tratatzen dira bizitzan zehar pertsonaren garapena zailtzen duten nahasteak; nahaste horiek zenbait alterazio eragiten dituzte, bai elkarreraginean, portaeran, komunikazioan, motrizitatean edo bai kognizioan. Helburua da alterazioak prebenitu, tratatu edo orekatzea, elkarreragiteko modu positiboak sustatzea, esperientzia ezkorren eta beste nahaste batzuen arriskua murriztea eta eginiko ikaskuntzak gizartean aplikatzea. Arreta APNABI Autismo Bizkaia elkartearen kontsultetan

Hezkuntza

Hezkuntza berezia eta laguntza komunitarioa dira AEN bat duten pertsonen garapena sustatzeko esku-hartze eraginkor eta baliagarrienak. AEN bat duen pertsonaren hezkuntzak pertsona horren gaitasunak garatzea sustatu behar du, bai pertsona hori gizartean sar dadin eta bertan parte har dezan, bai eta pertsona horrek ahalmenak gara ditzan ingurunearen eskaera aldakor eta zorrotzei erantzuteko.

Zehazki, AEN bat duten ikasleen hezkuntzak ezaugarri hauek izan behar ditu:

  • Erraztu egin behar du esanguratsuak diren kontzeptuak eta gaitasunak ikastea, eta sustatu egin behar du ikaskuntza horiek zabaltzea pertsona horrek bizi dituen testuinguruetara.
  • Maximizatu egin behar ditu pertsonaren hezkuntza eta prestakuntza arloko aukerak, aukera horiek aprobetxatuz eta jarraipena sustatuz pertsonaren garapenean zehar.
  • Sustatu egin behar du ikaskuntzen jarraipena eta premia indibidualetara egokitutako hezkuntza- eta prestakuntza-inguruneen erabilera, ez dezaten hezkuntza utzi edo ez daitezen aldatu pertsonarentzat batere aberasgarriak ez diren baliabideetara.

Garrantzitsua da espezializazioa AEN bat duten ikasleen hezkuntzan, eta baita ere ikasle horiek hezkuntzan sartzea; eraginkortasun frogatua duten jardunbide egokien esperientziak eta ereduak zabaldu behar dira, horretarako beharrezkoak diren laguntzak eta baliabideak emanez. Ikasleen ikaskuntzak eta arrakasta akademikoa optimizatu behar dira, norbanakoaren gaitasunak sustatuz, eta haien parte-hartze soziala maximizatu behar da eskola-ingurunean. Hezkuntza APNABI Autismo Bizkaia elkartean

Enplegua

AEN bat duten pertsonena da ohiko lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehien eta bazterkeria arriskurik handiena jasaten duen taldeetako bat. Adimen-urritasuna edo garapenaren beste nahaste batzuk dituzten pertsonekin alderatuta, AEN bat duten pertsonen langabezia-tasa dezente handiagoa da.

AEN bat duten pertsonak langile apartak dira lanerako ingurune egoki batean badaude, hau da, ingurune hori beren beharretara egokituta badago: aurreikusgarria, egituratua eta lortu beharreko helburuak zehazten dituena.

Tradizionalki, AEN bat duten pertsona helduentzat eskaini izan diren baliabideak prestazio eta zerbitzu asistentzialak izan dira. Gaur egun badaude zenbait alternatiba AEN bat duten pertsonen orientazioan eta laneratzean espezializatuta daudenak, bai eta balizko langile horien gaitasunen, beharrizanen eta lana errazteko laguntzen inguruan kontzientziatzea helburu dutenak. AEN bat duten pertsonentzako orientazioan eta laneratzean espezializatutako zerbitzuak. Enplegua APNABI Autismo Bizkaia elkartean

Bizitza independentea

Behin hezkuntza-etapa amaitutakoan, AEN bat duten pertsona askok (eta beren familiek) ingurune berri bat bilatu behar izaten dute; ingurune bat, beren beharrizan indibidualetara egokitua, aukera emango diena pertsonalki garatzen jarraitzeko eta gizartean parte hartzeko gainerako helduen baldintza berdinetan.

Gainera, eskaera berriak sortzen dira, AEN bat duten pertsonek eskubidea dutelako etxebizitza duina izateko familiaren etxetik kanpo eta bizitza autonomoa garatzeko. APNABI Autismo Bizkaia elkarteko etxebizitzak

Adinean aurrera egin ahala, eta familian dauden aldaketen ondorioz, eskola fasean eskaintzen den laguntza espezializatu berbera eman behar da fase honetan ere. Horrela bermatuko da gaitasun pertsonal desberdinak garatzen direla (komunikazioa, gaitasun sozialak, autonomia pertsonala, lanerako, aisialdirako eta norbere burua zuzentzeko gaitasunak, e.a.), pertsonak bizi-kalitatea izango duela bizitzako ingurune eta arlo guztietan, eta zahartzea eta horrek berekin dakartzan aldaketak prebenitzen direla (narriadura fisiko eta kognitiboa, familientzako atsedena, e.a.).

AEN bat duten pertsonek eguneko arreta zerbitzu espezializatuak erabil ditzakete, zeintzuen bidez, beren gaitasun eta interesak garatzeaz gain, gizartean eta komunitatean parte hartzen ikasiko baitute. Nolanahi ere, zerbitzu horiek helburutzat izan behar dute autonomia pertsonala maximizatzea eta aukera ematea bizitza osoan zehar ikasteko, zahartzeak pertsonen osasunean eta bizi-kalitatean izan ditzakeen ondorioak gutxituz. Eguneko arreta APNABI Autismo Bizkaia elkartean

Gizarteratzea eta gizartean parte hartzea

Elkarreragin sozialerako gaitasunek definitzen gaituzte pertsona bezala, eta eragin handia dute inguruarekin sortzen ditugun harremanetan nahiz komunitatearekin elkarreragiteko dugun moduan. Hala ere, AENen ezaugarrietako bat da gaitasun horietan nahasteren bat izatea, eta horrek eragin handia du ezaugarri horiek dituen pertsonaren bizitzako esfera guztietan. Hala, arrisku handiagoa du isolatzeko eta gizarte bazterkeria jasateko.

Zalantzarik gabe, aisialdia da gizarteratzean eta bizi-kalitatean eragina duen faktoreetako bat. AEN bat duten pertsonek eskubidea dute aisialdiaz gozatzeko, kirola egiteko eta kultura eskuratzeko aukera berdintasunean, horrela sustatzen baita beren parte-hartzea eta gizarteratzea. Aisialdia APANBI Autismo Bizkaia elkartean.

© 2017 APNABI. Pintor Antonio Guezala, 1, 2 bajo 48015 Bilbao. Telf: 944 755 704

LEGE OHARRAPRIBATUTASUN POLITIKA

Comments are closed.