Profesionalak


Inicio » Profesionalak

Profesionalak

APNABI Autismo Bizkaia Elkartearen lantaldea 250 bat profesionalez osatua dago eta profesional horien bidez bermatzen du AENdun pertsonek behar duten laguntza. Bokaziozko profesionalak dira, lanari guztiz emanak, eta familiek erabateko konfiantza dute eurengan.

Motibazioa eta inplikazio emozionala dira euren lanaren balore inplizituak. APNABI Autismo Bizkaia Elkarteko profesionalen taldearen espiritua etengabeko prestakuntza eta ikaskuntza prozesu batean garatzen da, hertsiki loturik ezgaitasunari eta hezkuntza arloari eta esparru sozio-sanitario nahiz sozio-laboralari.

Oculto
PRESTAKUNTZA

 

APNABI Autismo Bizkaia Elkarteak prestakuntza eta ezagutza-transferentzia prozesu bat garatzen du, zeinaren helburua baita antolakundea garatzea, bertako profesionalen gaitasuna hobetzea eta, bide horretatik, kalitatezko zerbitzuak ematea erabiltzaileei eta euren familiei.

APNABI Autismo Bizkaia Elkartearen Prestakuntza Plana “2015-2018 Premien Diagnostikoa” dokumentuan oinarrituta dago, bertan definitzen direlarik profil profesional desberdinen gaikuntza eta gaitasunak. Prestakuntza prozesu horren helburua da profesionalen lantaldea eguneratu eta hobetzea, hobeto egin dezaten beren lana eta kalitate gorena lortu dadin elkarteko zerbitzuetan.

Prestakuntza bereziki pentsatuta dago ezagutzak, trebeziak eta jarrerak garatzeko, beti ere helburutzat izanik autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonak, pertsona horiek aukera izan dezaten beren bizi proiektuak garatzeko eta bidezko gizarte solidario batean integratzeko, eskubide osoko hiritarrak diren aldetik.

Prestakuntza programa propioa izateaz gain, APNABI Autismo Bizkaia Elkarteak ezagutza transferentzia sustatzen du profesionalen artean, ekimen sektorial eta espezializatu desberdinetan parte hartuz:

  • Autismoaren Espektroko Nahasteei (AEN) buruzko kongresuak eta jardunaldi teknikoak.
  • Sentsibilizazio- eta informazio-hitzaldiak.
  • Profesional berrientzako hastapen-ikastaroak, horien bitartez ezagutzak, oinarrizko trebeziak eta jarrerak lantzeko eta AENdun pertsonak egoera eta ingurune desberdinetan ulertzeko.
  • Elkarteak sustatutako lantaldeak eta batzordeak.
  • Kanpoko bilerak eta foroak.

 

GAITASUN PROFESIONALAK

APNABI-Autismo Bizkaia Elkarteak 2012an hasi zuen gaitasun profesionalen bidezko pertsonen kudeaketa prozesua. Prozesu horretan antolakuntza eta elkartea berritzen dira, praktika komunitateen bidez eta profesionalen partaidetza aktiboaren bitartez, horrela identifikatzeko zeintzuk diren APNABI-Autismo Bizkaia elkarteko lantalde profesionaleko profil bakoitzak behar dituen gaitasun komunak eta espezifikoak.

LAN-POLTSA

APNABI Autismo Bizkaia Elkarteak profesionalen lan-poltsa sistema egituratu bat du, kalitatea mantendu eta bermatzeko eskaintzen dituen zerbitzu guztietan.

PRAKTIKA PROFESIONALAK

APNABI Autismo Bizkaia Elkarteko profesionalek ibilbide luzea dute, eta autismoaren espektroko nahasteei eta esku-hartze esparru desberdinei buruzko eskolak eta mintegiak ematen dituzte ikastetxe nahiz unibertsitateetako fakultateetan, Elkarteak gizartea sentsibilizatzeko eta AENdun pertsonak gizarteratzeko sustatzen duen prozesuaren barnean.

Testuinguru horretan, lankidetza akordioak ditu praktika profesionalak garatzeko hainbat erakunderekin. Ekimen horien helburua da praktiketako ikasleek lehen eskutik ezagutu ditzatela Elkarte honen helburuak -erreferentziazkoa autismoaren munduan- eta bere esku-hartze eredua. Titulazio eta profil profesional desberdinetako berrogeita hamar profesional inguruk urtero egiten dituzte praktikak APNABI Autismo Bizkaia Elkartean.

EUSKARA PLANA

APNABI Autismo Bizkaiaren Euskara Planak hainbat ekintza barne hartzen ditu, besteak beste, langile guztientzako elkarrizketa saioak antolatzea, profesionalentzako prestakuntza indibidualizatua tele-prestakuntzaren bidez eta laguntza programa bat martxan jartzea, non euskaldun batek eta euskara ikasle batek konpromisoa hartzen baitute elkarrekin euskaraz mintzatzeko.
Halaber, planak argitalpen espezifikoen hedapena barne hartzen duenez, lan zentroetan “Euskararen Txokoa” ezarri da, hau da, euskararekin eta APNABI Autismo Bizkaia elkartearekin, eta hizkuntza politikaren definizioarekin eta zehaztapenekin lotutako gaiak argitaratzeko iragarki taula.

Hizkuntza-kudeaketaren kalitatea hobetzeko planifikatutako prozesu horren barnean eskuliburu bat dago, Elkarteko profesionalek Interneteko euskara baliabideak erabil ditzaten.

APNABI Autismo Bizkaiak hizkuntzaren normalizazio arloan egiten duen lanari esker, Bikain ziurtagiriaren titularra da. Bikain ziurtagiriak euskararen hizkuntza-kudeaketa aitortzen du eta elkartean duen erabilpen eta presentzia maila ziurtatzen du. Errekonozimendu hori Eusko Jaurlaritzak ematen du Euskalit, kalitatea sustatzeko fundazioaren bitartez. Bikain ziurtagiriaren beltza maila lortu izana aurrerapen handia da APNABI Autismo Bizkaia elkarteko hizkuntza-normalizazio prozesuan.

BERDINTASUN PLANA

APNABI Autismo Bizkaia Elkartea plan bat garatzen ari da 2014tik, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko. Zeregin horrek bere baitan hartzen ditu interes-eremu guztiak: antolakuntzaren politika, antolakunderako sarbidea, antolakundeko kideen iraunkortasuna eta barne-sustapena, komunikazioa, datu-bilketa, kontziliazioa, sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena, zerbitzuak, eta beste hainbat.

Plan hori egiteko emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko egoera-diagnostiko bat egin zen 2014 eta 2015. urteetan. Diagnostiko horretatik sortu zen I. Berdintasun Plana, alegia, antolakundeak arlo horretan aurrera egiteko duen ibilbide orria.

2015 eta 2017. urteen artean, APNABI Autismo Bizkaia lanean aritu da Plan horretan jasotako ekintzak garatzeko Berdintasun Batzordearen bidez. Batzorde horretan ordezkaturik daude elkarteko jarduera eremu guztiak, Zuzendaritza eta Enpresa Batzordea.

KALITATE SISTEMA

APNABI Autismo Bizkaia elkartea 2015ean hasi zen FEAPSen ereduaren araberako kalitatearen ebaluazio-sistema aplikatzen. Orain “Plena Inclusión” du izena antolakunde horrek, eta bere baitan hartzen ditu adimen ezgaitasuna duten pertsonen federazio eta elkarteak. Eredu horren arabera, kalitatea amaierarik gabeko bide bat da, non etengabe hobetu eta etengabe egin behar baita aurrera adimen ezgaitasuna duten eta beren familien helburuak betetzeko bidean.

Horretarako, APNABI Autismo Bizkaiak senitarteko, profesional eta elkarteko erabiltzailez osatutako 15 laguneko lantalde transbertsal bat dauka auto-ebaluaziorako, eta talde horrexek egin du Auto-ebaluazioa eta Hobekuntza Plana txostena.
APNABI Autismo Bizkaiak FEAPS Kalitatearekiko Konpromisoa faseko akreditazioa du 2016tik. Hori guztia posible izan da erakundeko eragile guztiek prozesu honetan agertu duten inplikazioagatik eta egindako lan eta ahaleginagatik.
APNABI Autismo Bizkaia Elkartea konprometiturik dago kalitatearen kulturarekin eta horregatik berritu du ISO 9001 ziurtagiria, dagokion kanpo ikuskaritza egin ondoren.

© 2017 APNABI. Pintor Antonio Guezala, 1, 2 bajo 48015 Bilbao. Telf: 944 755 704

LEGE OHARRAPRIBATUTASUN POLITIKA

Comments are closed.