Familiak

Inicio » Familiak

Familiak

Familiak dira APNABI Autismo Bizkaia elkartearen oinarria. Hain zuzen ere, AEN bat duten pertsonen familiek bultzatutako elkarte-mugimendutik sortu zen, hainbat familiak bat egin baitzuten joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieran, beren seme-alabei bizitza hobea emateko asmoz.

Oculto
FAMILIAK

Familiak dira APNABI Autismo Bizkaia elkartearen oinarria. Hain zuzen ere, AEN bat duten pertsonen familiek bultzatutako elkarte-mugimendutik sortu zen, hainbat familiak bat egin baitzuten joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieran, beren seme-alabei bizitza hobea emateko asmoz.

Harrezkero, familiek zuzentzen dute elkartearen norabidea, haren organo gorena den Batzar Orokorraren eta Zuzendaritza Batzordearen bidez.

Pertsonen bizitzaren zati handi bat familian garatzen da, eta hori funtsezkoa da kide guztien hazkundea eta ongizatea lortzeko. Familia da, seguruenik, pertsona ororen bizitzako zati garrantzitsu batean eragin handiena duen ingurunea. Gainera, familia arteko harremanak izaten dira pertsonen bizitzako harreman egonkorrenak, eta horregatik funtsezkoak dira.

Beraz, familia batean autismoa duen haur bat jaiotzen denean edo haurrari AEN bat diagnostikatzen zaionean, egoera horrek zuzeneko eragina du familiako kideengan eta familia osoarengan.

Oro har, familiak bizi-kalitate ona duela esan liteke ondoko ezaugarri hauek guztiak baditu:

  • Familiako kide guztien premiak aseta daude.
  • Kide guztiek elkarrekin gozatzen dute familia gisa.
  • Kide guztiek dute aukera eurentzat garrantzitsuak diren helburuak lortzeko.

Baliteke familia bakoitzak desberdin ulertzea bizi-kalitatearen kontzeptua. Kontzeptu hori aldatu egiten da familiaren arabera, eta kide bakoitzaren esperientziaren arabera.

Baina zenbait faktore berdinak dira familia guztietan: ongizate emozionala, kide guztien arteko harreman ona, osasuna, ongizate ekonomikoa, gurasoen antolaketa eta trebetasunak, familiaren moldatze-gaitasuna, inklusioa eta parte hartzea.

FAMILIENTZAKO LAGUNTZA APNABI AUTISMO BIZKAIA ELKARTEAN

Familien Laguntzarako Eremua programa multzo batek egituratzen du; programa horien helburua da beharrezko laguntzak sortzea AEN bat duten pertsonen familiek une bakoitzean rol egokia burutu dezaten. Helburua da familientzat eta familiekin lan filosofia bat ezarri eta filosofia horri eustea, horrela familia unitateko kide guztien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko AENa duen pertsonaren bizi ziklo osoan zehar.

Eremu hau, funtsean bi arlotako esku-hartzean egituratzen da:

Familia edo tutoreentzako arreta zuzena.

  • Informazioa ematea Euskal Autonomia Erkidegoan eskura daitezkeen baliabide eta zerbitzuei buruz.
  • Orientabidea ematea, ezgaitasuna duen senitartekoaren arretan beharrezkoak diren laguntzak planifikatzeko.
  • Familiako kideei laguntza pertsonala eta emozionala ematea.
  • Familia atsedena, familia eta lana uztartzeko denbora izan dezaten.

Helburu nagusia da familiek denbora izan dezatela eurentzako eta familia eta lana uztartzeko.

Adimen edo garapen urritasuna duen kideren bat duten familientzat da, kide hori normalean eurekin bizi denean.

Inguruarekiko eta komunitatearekiko harremana

Komunitateko erakunde eta baliabideekin koordinatzea, familiei laguntzeko ekintzak aurrera eramateko.

Elkarte dinamizazioa. Gure erakundeei gomendioak emango dizkiegu familia bakoitzaren arretaren kalitatea hobetzen duten baliabideen inguruan, eta familian zentraturiko ikuspegia berenganatzen lagunduko diegu.

Familien Laguntzarako Zerbitzuak elkarte dinamizazioari lagundu diezaioke, zeharka:

  • Familien partaidetza eta dinamizazioa ahalbidetuz, beren senitartekoari arreta ematen dion zerbitzutik aparteko zerbitzu baten bidez.
  • Familiei informazioa emanez zerbitzuan parte hartzen duten elkarteei, federazioari eta elkarte mugimenduari buruz.
  • Elkarte mugimenduak familiari jakinarazi nahi dion informazioa bideratuz.

Garrantzitsua da azpimarratzea elkarte dinamizazioaren ardura ez dela Familien Laguntzarako Zerbitzuarena, honek zeharka sustatzen badu ere.

Helburuak

  • AENa duten seme-alabak dituzten familiak hartzea.
  • Familiari orientabidea eta laguntza ematea erabakiak hartzerakoan eta beharrizanak eta baliabideak identifikatzea, AENa duen pertsonaren bizi-ziklo osoan zehar.
  • AENa duen pertsonaren senitartekoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea.
  • AENa duen pertsonaren senitartekoak pertsona horren etorkizuna prestatzeko beharraz ohartaraztea.
  • Familiari aldi baterako laguntzak eskaintzea AENa duen pertsonari arreta emateko.
ZERBITZUAREN HARTZAILEAK

Familien Laguntzarako Zerbitzuaren hartzaileak hauek dira:

  • AEN bat duten pertsonen familiak.
  • Elkarteetako profesionalak, zentroak edo zerbitzuak.
  • Beste eragile eta erakunde batzuk.

Zerbitzuaren jarduerak familien benetako beharrizanetan oinarrituta planifikatzeak –beti ere, onartuz familiek prozesuan parte hartu behar dutela- eskatzen du argi eduki behar direla zein diren familien eskubide eta betebeharrak, zerbitzuaren bezero diren neurrian.

Familien eskubideak eta betebeharrak

Familien eskubideak (une honetan zehazten ari gara)

  • Tratu goxoa eta atsegina jasotzeko eskubidea.
  • Adimen urritasuna duen kide bat izateagatik familia-sistemak dituen beharrizanen balorazio profesionala, testuinguruaren araberakoa eta ebolutiboa izateko eskubidea.
  • Familian esku hartzeko programarako eskubidea.
  • Programa egiteko orduan, familia ko-protagonista izateko eskubidea.
  • Banakako laguntza zerbitzua izateko eskubidea.
  • Behar adinako informazioa izateko eskubidea eskaintzen diren eta aukeran dauden jarduera eta zerbitzuei nahiz zerbitzu horiek eskuratzeko baldintzei buruz.
  • Zerbitzuen kalitateari buruz informazioa eskatzeko eskubidea.
  • Aldaketak proposatu eta iradokizunak egiteko eskubidea.
  • Iradokizunak eta kexak aurkezteko erraztasuna izateko eskubidea.
  • Elkarri laguntzeko jardueretan parte hartzeko eskubidea.
  • Familia gisa duten iritzia eta bizimodua errespetatua izateko eskubidea.

Familien betebeharrak (une honetan zehazten ari gara)

  • Positiboki parte hartu behar dute beren bizi-kalitatea hobetzen.
  • Erraztasunak eman behar dituzte beste familia batzuek ere laguntzak jaso ditzaten.
  • Zerbitzuaren oinarrizko arauak onartu behar dituzte.
  • Ezarrita dauden zerbitzu kuotak ordaindu behar dituzte.
  • Besteen iritziak eta bizimodua onartu behar dituzte.

AEN bat duen kide bat duen familia baten bizi-kalitatea neurtu eta hobetzeko, alderdi hauek aztertu behar dira:

  • Ongizate emozionala.
  • Familia elkarreragina.
  • Osasuna.
  • Ongizate ekonomikoa.
  • Gurasoen antolaketa eta trebetasunak.
  • Familiaren moldatze-gaitasuna.
  • Inklusioa eta parte hartzea.

APNABI Autismo Bizkaia elkarteko Familien Laguntzarako Eremua hurbiltasunean eta AENa duen pertsonaren bizitzako etapa bakoitzeko egonkortasunean oinarritzen da bere jarduera garatzeko. Eskaintzen dituen zerbitzuak doakoak dira.

HARRERA ETA PREMIEN AZTERKETA

Programa honen helburua da AENa duen pertsonaren familiei edo legezko tutoreei informazioa eta orientabidea ematea, beren eskari eta beharren arabera, bakoitzak dituen baliabideak indartuz. Era berean, laguntza emozionala ere eskaintzen zaie, beren egoera dela-eta laguntza hori eskatzen duten familiei. Ekintza hauek garatzen dira:

  • Informazioa ematea APNABI Autismo Bizkaia elkartean eta Euskal Autonomia Erkidegoan eskura daitezkeen baliabide eta zerbitzuei buruz.
  • Orientabidea ematea ezgaitasuna duen senitartekoari arreta emateko beharrezkoak diren laguntzak planifikatzeko.
  • Familiako kideei laguntza pertsonala eta emozionala ematea.
  • Familia atsedena, familia eta lana uztartzeko denbora izan dezaten.

Familien harrera bi une desberdinetan egin daiteke:

Elkartean harrera indibidualizatua ematea, helburu hauekin:

  • Familiak informatuta egotea AENa duen pertsonaren beharretara egokituriko laguntzen inguruan.
  • Familiak informatuta egotea beren familia premietara egokituriko laguntza edo programen inguruan.
  • Familiak informatuta egotea beren senitartekoaren ezgaitasunaren ezaugarri bereziei buruz.
  • Familiak jabetu daitezela zeinen garrantzitsua den informazioa izatea.
  • Familiek profesionalen laguntza izatea beharrizan bakoitzarentzat egokia den baliabidea aukeratzean.

Taldeko harrera elkartean. FAMILIA BERRIA:

Harrera honen bidez, beren seme edo alabaren ezgaitasuna ezagutu berri duten gurasoei edo une jakin batzuetako krisiei (elkartean sartzea, zentroz edo etxebizitzaz aldatzea…) aurre egin behar dieten gurasoei aukera ematen zaie guraso hartzaile batzuekin harremanetan jartzeko. Guraso hartzaile horiek, ezgaitasuna duten haurren guraso izanik, beren esperientzia partekatuko dute; izan ere, horretarako prestakuntza jaso dute eta profesionalen laguntza dute.

LAGUNTZAK, ORIENTABIDEA ETA JARRAIPENA DISEINATZEA

Familien laguntzarako plana egitea

Programa honen helburua da familiei laguntza eskaintzea, agertzen diren eskari eta beharrei erantzuna emateko aukerak diseinatzeko (Familien laguntzarako plana). Hauek dira bere helburuak:

  • Familietan dauden beharrak antzematea.
  • AENa duten pertsonen familien eskura baliabide mota oro jartzea.
  • Familia guztiei beharrezko informazioa ematea, dituzten eskubide eta betebeharren inguruan.
  • Informazioa eta orientabidea ahalbidetzen duen dokumentazio funts bat edukitzea.
  • Informazioa zabaltzea jarduera, ekitaldi eta programen inguruan, bai elkartekoak bertakoak bai kanpokoak direnean.

Bizitza pertsonala, lana eta familia kontziliatzea

Programa honen helburua da beharrezko laguntzak eskaintzea, AENa duten pertsonen familiakoek beren bizitza bateratzeko denbora izan dezaten. Horretarako, programa hauek eskaintzen dira:

– Familia atsedena.

Familia atsedenerako programaren barruan sartzen dira asteburuak (ostiral arratsaldetik hasi eta igande arratsaldera arte), zenbait zubi eta oporraldietako egonaldi laburrak, adibidez Gabonak edo Aste Santua.

Kontuan hartzen du familiaren atseden beharra plaza esleitzeko orduan. Helburu nagusia da aldi baterako zama arintzea familiari.

– Taldeko laguntza puntualak.

Programa honek denbora eta espazioa partekatzeko aukera ematen die AEN bat duten pertsonei eta beren familiei. Une eta toki hori aprobetxa dezakete jarduera edo ekitaldi bat sortzeko, dela elkartekoa edo dela ingurunean sustatutakoa.

Modalitate hau eskatu ahal izango da, moduluko bi pertsonako taldetik hasi eta gehienez ere bost pertsonako talderaino, gutxieneko kalitate-irizpide batzuei eusteko.

– Gabonetako, Aste Santuko, udako eta inauterietako oporleku irekiak

Familia atsedenerako programa honen bidez familia, lana eta bizitza pertsonala uztartzen dira.

Plangintzek beren baitan hartzen dituzte Inauteriak, Aste Santua, Gabonak eta udako oporraldiak, eta eguneko jarduera egituratuak eskaintzen dituzte.

– Laguntzaileak.

Familia atsedenerako programa hau familien premien arabera planifikatzen da. Programa honen bidez laguntza ematen zaie beren seme-alabak zaintzeko zailtasunak dituzten familiei eta baita ere aukera ematen zaie familiako kideei beren jarduerak egin ditzaten denbora tarte jakin batzuetan. Esan bezala, ordu jakin batzuetarako plangintza egiten da; begiralea senitartekoarekin egoten da eguneko une jakin batzuetan, AENa duen pertsona zaintzean sortzen diren egoera zailak arintzeko.

 – Norberaren estrategiak bilatzea

Helburua da gurasoei edo tutoreei laguntza ematea, beren seme edo alabaren diagnostikoa jakin berri dutenean edo bizi-zikloko une jakin batzuetako krisialdiei (elkartean sartzea, zentroz edo etxebizitzaz aldatzea, besteak beste) aurre egin behar dietenean.
Familiei orobat laguntzen zaie eta orientabidea ematen zaie babesa behar duten uneetan edo pertsonalki lagunduko dieten estrategiak martxan jartzean.

– Atseden hartzeko jarduera ludikoak.

Jarduera hauen helburua da familia kontziliazioa ahalbidetzea denbora tarte laburretan. Horretarako, goizez edo arratsaldez egiteko jarduerak diseinatzen dira, printzipioz, larunbat eta igandeetarako. Gaur egun, ondoko hauek antolatzen ditugu:

Txikipark programa. Jarduera ludiko hauei esker, gurasoek libre hartzen dute larunbat goiza, eta aldi berean, aisialdirako denbora-tarte bat ematen zaie beren seme-alabei ingurune ludiko batean.

Elkarri laguntzea

Laguntza emateko guraso taldea

Adimen urritasuna duten pertsonen gurasoen talde egonkorrak dira; aldian behin biltzen dira esperientziak partekatzeko eta beren prestakuntza hobetzeko. AENa duten beren seme-alaben hezkuntza eta garapenean dituzten gaitasunak hobetzea da helburua. Beste senitarteko batzuk ere parte har dezakete talde hauetan. Beharrezkoa denean, lantzen ari diren gaian aditua den pertsonaren batek parte hartuko du.

Anai-arrebek osaturiko laguntza taldeak:

Talde egonkorrak dira; aldian behin biltzen dira, denbora jakin batean, beren anaiari edo arrebari buruzko alderdiak eta harekin eta haren inguruarekin (familiarekin, lagunekin, ikastetxe eta zentroekin, profesionalekin, bizilagunekin, komunitatearekin) duten harremana partekatzeko. Dinamizatzaile baten edo batzuen laguntza izaten dute. Beharrezkoa denean, lantzen ari diren gaian aditua den pertsonaren batek parte hartuko du.

Aholkularitza juridikoa

Tutoreei behar duten lege arloko aholkularitza ematen zaie, betiere AEN bat duten pertsonekiko bizikidetzatik eratorritako kontuetarako bada. Horretarako, familiek APNABIko gizarte langilearengana jo behar dute.

Familia ahalduntzea

Familien jardunaldiak eta topaketak

Helburua da APNABIko familien kolektiboa biltzea, AENa duen pertsonaren eta familiaren inguruko alderdiak eta ingurumariak lantzeko. Kezkak partekatzeko, zalantzak argitzeko edo Elkarteari buruzko informazioa eskuratzeko espazioak dira.

APNABI IKASGELA prestakuntza eta informazioa

Tailer monografikoak

Iraupen zehatza duten tailerrak dira, batez ere praktikoak eta jolas eta prestakuntzaren arlokoak. Tailer horien helburu nagusia da familientzako intereseko gaietan sakontzea eta partaidetzako giroa sustatzea.

Prestakuntza jarduerak

Haien helburua da familiei ezagupenak ematea beren behar espezifikoei eta ezgaitasunari buruz. Prestakuntza hori izan daiteke, bai talde jakinentzako –adibidez, guraso hartzaileentzako edo dinamizazio taldeentzako- bai orokorrean familia guztientzako.

Elkarte dinamizazioa – Dinamizazio taldeak:

Prestakuntza taldeetako kide izan diren familiakoek osaturiko lan-taldeak dira. Modu ia autonomoan funtzionatzen dute, baina profesional baten jarraipena eta unean uneko laguntza dute. Haien helburua da elkarteko gainerako familiengan eragin positiboa duten jarduerak programatzea. Horretarako, helburu eta eginkizun zehatz batzuk ezartzen dira, eta haiek betetzeko konpromisoa hartzen dute. Zuzendaritza Batzordeak aitortu eta legitimatu behar ditu talde horiek.

© 2017 APNABI. Pintor Antonio Guezala, 1, 2 bajo 48015 Bilbao. Telf: 944 755 704

LEGE OHARRAPRIBATUTASUN POLITIKA

Comments are closed.