Apirilak 2: Autismoaren Munduko Eguna Bilboko Areatzako aterpeetan

actividadesAPNABI Autismo Bizkaiak jai bat antolatu du Bilboko Areatzako aterpeetan Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna ospatzeko. Apirilaren 2an (Pazko astelehena) izango da 11:30etik aurrera.

Ospakizun hau hitzordu garrantzitsua da mundu osoko autismo-erakundeentzat, hitzordu horren bitartez gizartea sentsibilizatu nahi dugulako AENdun pertsonek beren eskubideak erabiltzeko duten premiaz.

APNABIk antolatutako jaiak elkarrekin bilduko ditu autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonak, beren senide eta lagunak, eta baita ere profesionalak eta ezgaitasunaren munduko beste erakunde batzuetako kideak. Denek izango dute aukera jai giro eta aisialdirako gune bikain batez gozatzeko, espazio horretan jarriko baitira ohe elastikoak, gizaki tamainako futbolin bat, eta ludoteka bat, aurpegi-margolariekin eta puxika-tolestaileekin. Eta, nola ez, baita ere ezinbesteko bihurtu den photocall-a. Autismoaren Eguneko jaia erromeria baten modukoa izango da, txarangek alaituko dute, eta gune bat jarriko da helduok txistorra eta txakolina dastatu dezagun goiz-erditik aurrera.

12:00etan, urtero bezala, globo urdinak askatuko dira, ekintza sinboliko horren bidez autismoa ikusgarri egiteko gizartean. Ekitaldi horren ostean hasiko da festa, non bertaratutako guztiak jai giroan murgilduko baitira konpartsen musikarekin, elkarrekin dastatuko dutelarik Entremanoseko (sustapen soziolaboraleko APNABIren elkarteko) neska-mutilek prestatutako luncha.

Gizarte irisgarriago baten alde

“Hautsi ditzagun elkarrekin autismoaren hesiak. Eraiki dezagun gizarte irisgarriago bat” leloa aukeratu da aurten Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna ospatzeko.

Autismoa duten pertsonek hesi asko izaten dituzte beren oinarrizko eskubideak baliatzeko eta komunitatean erabat sartzeko. Hesi horiek desberdinak dira norbanako bakoitzaren eta bere premia espezifikoen arabera. Autismo elkarteentzat garrantzitsua da gizarteak ulertzea zeintzuk diren hesi horiek. Horrela, gizartea hobeto egokituko zaio bere premiei eta nahastea duten pertsonentzat errazagoa izango da gizartearen esparru guztietan sartzea.

AENdun pertsonok izaten ditugun hesiak

DETEKZIO ETA DIAGNOSTIKOARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da urte asko pasatzea diagnostiko espezializatu bat jaso arte.
  • Niretzat hesi bat da nire indar-gune eta beharrizanen diagnostiko bat ez edukitzea behar ditudan zerbitzu eta laguntzak bideratzeko.
  • Niretzat hesi bat da nire diagnostikoa ez jakitea eta nire beharrak ez ulertzea.

ARRETA GOIZTIARRARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da txikitatik ez jasotzea nire gaitasunak indartzeko behar ditudan laguntzak.
  • Niretzat hesi bat da esku-hartze programako ordu gutxi jasotzea astean nire bizitzako lehen urteetan.
  • Niretzat hesi bat da froga zientifikoetan oinarritutako praktiketan adituak diren profesionalik ez egotea.

ESKU-HARTZEARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da nire errutinan gertatzen diren aldaketen berri ez jakitea.
  • Niretzat hesi bat da ez azaltzea zer espero den nigandik zenbait egoera sozialetan.
  • Niretzat hesi bat da komunikazio-sistema alternatiborik ez izatea edo gainerako pertsonek ez jakitea nola komunikatzen naizen.
  • Niretzat hesi bat da azken orduko aldaketak egitea aukera eman gabe prest egoteko eta egoerari aurre hartzeko.
  • Niretzat hesi bat da berriak diren egoera sozialetan jokabide onena zein den asmatzen hasi behar izatea.
  • Niretzat hesi bat da pertsonek ez ulertzea ni beste modu batean komunikatzen naizela.
  • Niretzat hesi bat da nire interesak ez kontuan hartzea ikaskuntza-prozesua errazago izan dadin niretzat.

HEZKUNTZARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da ikastetxe arrunt batean ezin ikastea, ez dagoelako prestatuta nire hezkuntza beharrei aurre egiteko.
  • Niretzat hesi bat da ikasketak utzi behar izatea behar dudan laguntzarik ez daukadalako.
  • Niretzat hesi bat da nire behar eta interesetara egokitzen den prestakuntza-aukerarik ez izatea.
  • Niretzat hesi bat da nire ikastetxeak irudirik ez erabiltzea ikaskuntza-prozesuan, horrek erraztu egingo lidakeelako nire ikaskideekin parte hartzea.

OSASUNARI ETA ARRETA SANITARIOARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da kolektibo sanitarioak ez ulertzea zer diren AENdun pertsonak, eta nire beharretara ez egokitzea arreta eman behar didatenean.
  • Niretzat hesi bat da medikuarengana joatea eta ez jakitea zenbat denbora itxaron beharko dudan jendez gainezka dagoen gela batean.
  • Niretzat hesi bat da ospitale eta osasun zentroetan ez jakitea nola egokitu behar dituzten probak eta kontsulta medikoak nire beharrei erantzuteko.

FAMILIEI LAGUNTZEKO EKINTZEI DAGOZKIEN HESIAK

  • Niretzat hesi bat da ez jakitea zein izango den nire etorkizuna nire gurasoak falta direnean.
  • Niretzat hesi bat da nire gurasoek laguntzarik ez izatea hobeto ulertu dezaten zeintzuk diren nire beharrak eta zein den niri laguntzeko modurik onena.

 ENPLEGUARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da enpresek ez jakitea nolako ekarpena egin dezakedan nire lanarekin.
  • Niretzat hesi bat da enpresek aukerarik ez ematea balio dudana frogatzeko eta egin dezakedana erakusteko.

BIZITZA INDEPENDENTEARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da laguntzarik eta aukerarik ez izatea bizitza independentea egin dezakedala erakusteko.
  • Niretzat hesi bat da nire sexualitateaz gozatu ezin izatea.
  • Niretzat hesi bat da aukerarik ez izatea nire etxean zahartzeko, alegia beti bizi izan naizen tokian.
  • Niretzat hesi bat da kaudimen ekonomikorik ez izatea independenteki bizi ahal izateko.
  • Niretzat hesi bat da nire sexualitatea ez errespetatzea eta sexualitateaz gozatzeko aukerak mugatzea.

GIZARTERATZEARI ETA GIZARTEAN PARTE HARTZEARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da errespetatzen eta ulertzen nauten nire adineko lagunik ez izatea.
  • Niretzat hesi bat da jendeak pentsatzea AENa izateagatik ez zaidala interesatzen gainerakoekin erlazionatzea.
  • Niretzat hesi bat da nire adineko neska-mutilekin gela berean ezin egotea.
  • Niretzat hesi bat da nire ikaskideek beren urtebetetze-jaietara ez gonbidatzea, pentsatzen dutelako ez zaidala interesatzen.
  • Niretzat hesi bat da jendeak ez ulertzea zer diren AEN bat duten pertsonak, eta horregatik nahiago izatea nirekin ez erlazionatzea.
  • Niretzat hesi bat da nire ikaskideek ez kontuan hartzea beren jolasetarako, desberdina naizela uste dutelako.

ESKUBIDEEI DAGOZKIEN HESIAK

  • Niretzat hesi bat da nire gustu eta zaletasunei jaramon ez egitea.
  • Niretzat hesi bat da nire bizitzan eragina duten erabakietatik kanpo uztea.
  • Niretzat hesi bat da gainerakoek AENdun baten ezaugarriak bakarrik ikustea nigan, eta ez jakitea ezer gehiago nire gustu edo interesei buruz.
  • Niretzat hesi bat da gizarteak AENei buruzko mitoak bakarrik entzutea, eta ezer ez jakitea AEN bat duten pertsonei buruz.
  • Niretzat hesi bat da gizarteak ez jakitea zer diren Autismoaren Espektroko Nahasteak.
  • Niretzat hesi bat da gainerakoek nire gaitasun eta potentzialtasunak ez ezagutzea, eta nire ahuluneak bakarrik ikustea.
  • Niretzat hesi bat da ni kontuan ez hartzea nire bizitza pertsonalean eragina duten erabakiak hartzeko.
  • Niretzat hesi bat da pertsonek gehiago begiratzea egin ezin ditudan gauzei, eta ez hainbeste dauzkadan gaitasunei.

ZERBITZUEN KALITATEARI, SEGURTASUNARI ETA SOSTENGARRITASUNARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da ez egotea zahartzen ari garen AENdun pertsonontzako zerbitzu espezializaturik.
  • Niretzat hesi bat da nire herrian ez izatea niretzat espezializatutako zerbitzurik.
  • Niretzat hesi bat da ez izatea AENetan espezializatuta dagoen gelarik nire eskualdean.
  • Niretzat hesi bat da pertsona batzuk esatea mirarizko tratamenduak ezagutzen dituztela, nahiz eta ez dauden froga zientifikoetan oinarrituta.

IRISGARRITASUNARI DAGOZKION HESIAK

  • Niretzat hesi bat da zinemara edo merkataritza-guneetara ezin joatea, zentzumenetako estimulazioa gehiegizkoa delako niretzako.
  • Niretzat hesi bat da pertsonak nigana hurbiltzea ironia erabiliz, benetan esan nahi dutenaren kontrakoa esanaz.
  • Niretzat hesi bat da zineman nagoenean ezin altxatzea, zaila egiten zaidalako luzaroan eserita egotea.
  • Niretzat hesi bat da osasun arloko langileek ez ulertzea medikuaren kontsultako neoizko argiak oso argitsuak direla niretzat eta enbarazu egiten didatela.
  • Niretzat hesi bat da ez egotea aplikaziorik nire lanpostuko zereginak errazteko.
  • Niretzat hesi bat da museoetan seinalerik ez egotea hobeto orientatzeko.
  • Niretzat hesi bat da ez aurkitzea hizkera sinplean eta letra-tipo handiagoz idatzita dagoen Harry Potterren libururik.
  • Niretzat hesi bat da ez edukitzea erabiltzeko erraza den eta nire beharrei erantzuten dien sakelako telefonorik.
  • Ez azaltzea AEN bat duten pertsonei zer espero den haiengandik zenbait egoera sozialetan.

Ekimen horren helburua da hiritarrak sentsibilizatzea eta AENak (Autismoaren Espektroko Nahasteak) dituzten pertsonen eskubideak aldarrikatzea.

“Hautsi ditzagun elkarrekin autismoaren hesiak. Eraiki dezagun gizarte irisgarriago bat” da aurtengo ospakizunerako hautatutako leloa, berau baita Europa osoko autismo elkarteek partekatzen duten helburua. Bere bitartez azaltzen dugu premiazkoa dela herritarren kontzientzia esnatzea eta AEN bat duten pertsonak gizarteratzea.

Comentarios cerrados.