Nire txoko gogokoena

mi_rincon“Sortu” Eguneko Arreta Zentroan Nire txoko gogokoena izeneko ekintza bat egiten ari
dira. EAZeko erabiltzaileek toki berezi bat aukeratzen dute gainerakoei erakusteko, eta txandaka bisitak egiten dituzte Zentroko pertsonentzat garrantzitsuak diren tokiak ezagutzeko.

Joan den martxoan adibidez, jardueran parte hartzen duen pertsona baten toki gogokoena bisitatu zuten. Hitz egiten ez duen erabiltzaile bat denez, EAZeko profesional taldea harremanetan jarri zen bere familiarekin, jakiteko zeintzuk diren bere txoko bereziak eta zein toki bisitatzea gustatzen zaion gehien. Haien bitartez jakin zuten asko gustatzen zaiola Algortako Portu Zaharrera joatea eta han zerbait hartzea.

Jomuga erabaki ondoren, ekintza prestatzen hasi ziren eta bideoak ikusi zituzten, aldez aurretik jakin zezaten nora joango ziren.

Ekintza antolatzeaz arduratu ziren EAZeko profesionalek 5 erabiltzaile hautatu zituzten, pentsatu zutelako disfrutatuko zutela txangoarekin. Martxoaren 15ean lantaldeko kideekin elkartu ziren, eta Algortarako bidea hartu zuten. Egun hori aprobetxatu zen baita ere erabiltzaileen gizarteratzea eta garraio publikoaren erabilpena sustatzeko. Hala, metroz joan ziren Neguriraino eta Algortan hartu zuten itzultzeko trena.

Egun eguzkitsua egokitu zitzaienez, ibilaldi bat egin zuten Ereaga hondartzaren ertzetik. Erabiltzaileak bere familiarekin bisitatu ohi duen taberna batera joan ziren zerbait hartzera, eta ondoren, lorategi batean bazkaldu zuten hondartzara begira.

Ekintzako parte-hartzaileek izugarri gozatu zuten, batez ere Portu Zaharra gustuko duen erabiltzaileak, iritsi orduko ezagutu baitzuen tokia, irribarre handi bat atera zitzaiolarik.

Hurrengo hiruhilekoan EAZeko erabiltzaileak beste parte-hartzaile baten txoko gogokoenera joango dira, horrelako txangoekin sustatzeko beren garapen pertsonala, gozamena eta esperientzia positiboen trukea.

Comments are closed.