APNABI Eguna, ekainaren 2an

APNABI Autismo Bizkaiak urteko bere elkarte-topaketa garrantzitsuena ospatuko du datorren ekainaren 2an. APNABI EGUNA 2017 jardunaldi korporatiboak bere baitan bilduko ditu bazkideen Batzar Orokorra, Ángels Ponce terapeutaren –espezialista seme-alaba ezgaituak dituzten familiekiko esku hartzean eta arretan- konferentzia bat eta gune ludiko bat. Ekainaren 2ko ekintzak Deustuko Unibertsitate Komertzialean (Bilbo) izango dira.

Batzar Orokorrarekin emango zaio hasiera elkarte-jarduerari arratsaldeko 18:00etan. Batzar horretan aurkeztuko dira 2016ko jarduera-memoria eta datu ekonomikoak eta baita ere 2017rako aurrekontua.

Behin Batzarra bukatu ondoren, Ángels Ponce terapeutak hitzaldi hau emango du: “Estrategia batzuk ezgaitasunari aurre egiteko eta autismoa duten pertsonen eta beren familien arteko oreka berreskuratzeko”.

Ángels Ponce seme-alaba ezgaituak dituzten familien laguntzan espezializatuta dago. Bartzelonan lan egiten du, Nexe Fundazioan, ezgaitasun anitzak dituzten haurrekin. Hogeita hamar urte daramatza lanean eta taldekako prestakuntza eta dinamizazio jarduerak egiten ditu, laguntza emateko familiei, batez ere, momentu zailetan. Ezgaitasunaren arloko hainbat erakunderekin kolaboratzen du, besteak beste, Plena Inclusiónekin. Hainbat gida eta argitalpen kaleratu ditu ezgaitasunaren inguruko laguntzari, elkarbizitzari eta orientazioari buruz.

APNABI Autismo Bizkaiako familiek aukera izango dute beren esperientziak partekatzeko eta aisialdi une batez gozatzeko hitzaldiaren amaieran eskainiko den luncharen inguruan.

Comments are closed.