APNABIko familiak elkarrekin batu dira hobeto ezagutzeko nolako aukerak dituzten autismodun pertsonek enplegua lortzeko eta bizitza independentea izateko

Ezkerretik eskuinera, Marcos Muro (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordea), Mikel Pulgarín (APNABI Autismo Bizkaia elkarteko presidentea), Sergio Murillo (Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako zuzendari nagusia) eta Natxo Martínez Rueda (psikologiako doktorea eta Hezkuntza Bereziko masterduna).

Natxo Martínez Ruedak (psikologiako doktoreak), Marcos Murok (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordeak), eta Sergio Murillok (Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako zuzendari nagusiak) parte hartu dute APNABI GELA ekitaldian.

Natxo Martínez Ruedak (psikologiako doktoreak), Marcos Murok (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordeak) eta Sergio Murillok (Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako zuzendari nagusiak) prestakuntza- eta bateratze-jardunaldi batean parte hartu dute, non hizpide hartu baitituzte zein aukera dituzten Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten pertsonek helduarora iristean enplegua lortzeko eta bizitza independentea izateko eta zeintzuk diren horretarako behar dituzten baliabideak. AENdun pertsonen 150etik gora senitartekok parte hartu dute APNABI Autismo Bizkaia Elkarteak antolatutako jardunaldi horretan.

APNABI Gela jardueren barruko topaketa horrek helburutzat du prestakuntza ematea familiei AENak dituzten pertsonek beren etapa desberdinetan bizi dituzten egoerei buruz. Mikel Pulgarínek (APNABIko presidentea) jardunaldiaren aurkezpenean esan bezala, familiok “etengabeko ziurgabetasun eta aldarrikapen egoeran bizi gara. Horregatik existitzen da gure elkartea –esan du-, eta ezinbestekoa da gainera”.

Zenbat eta kalteberatasun handiagoa, orduan eta laguntza gehiago

Natxo Martínez Rueda doktoreak azaldu du zein den lan merkatuan sartu nahi duten eta bizitza independentea izan nahi duten AENdun pertsonen testuinguru orokorra eta adierazi du ez dagoela egoera unibertsalik, ez eta denentzat balio duen konponbiderik. Dena den, aipatu du pertsona horiek badutela ezaugarri komun bat: gainerakoak baino kalteberagoak dira, eta beraz, beste hiritarrek baino laguntza gehiago behar dute.

Bere esanetan, desgaitasunak lotura dauka pertsonak ingurunearekin duen harremanarekin eta inguruneen nolakotasunekin (lanekoak barne). “Garrantzitsuena da –erantsi du- ahalegina egitea inguruneak irisgarriak eta baliagarriak izan daitezen pertsonentzat. Ingurunea hobetu egiten da autismodun pertsona bat lanean hasten denean”.

Era berean, familiek nahi dute beren seme-alabek bizitza osoa izan dezatela, bizitzea merezi duen bizitza bat, eta errespetatuak, aitortuak eta onartuak izan daitezela.  “Helburu hori lortzeko funtsezkoa da familien lankidetza eta parte-hartzea eta neurrira eginiko konponbideak bilatzea”.

Konpromisoa

Bestalde, Marcos Murok (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordeak) azpimarratu du lehentasunezkoa dela “kolektibo kaltetuenak gaitzea, tradizionalki desabantailan egon baitira enplegua lortzeko orduan eta zer esanik ez krisiak iraun duen bitartean”. Eta azaldu du zein baliabide eta politika publiko dauden desgaitasuna duten pertsonen enplegurako.

“Desgaitasuna duten pertsonek eta desabantaila edo bazterkeria sozialean bizi direnek badituzte behar eta arazo espezifiko batzuk. Beraz, egokitutako tresna eta neurri lagungarriak diseinatu behar dira, kualifikazioa eta gaikuntza izan dezaten eta, bide horretatik, lan merkatuan sar daitezen” nabarmendu du sailburuordeak.

“2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoak eta 2017-2021 IV. Euskal Gizarteratze Planak arreta berezia eskaintzen die desgaitasunarentzako arretari eta arlo horrekin hartutako konpromisoari” azpimarratu du Marcos Murok. “Badaude pizgarri batzuk ekimen esanguratsuen bitartez lan munduan sartzeko, esaterako, iraupen luzeko langabetuen eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuen kontratazioa eta haientzako aukeren sustapena”.

Halaber, hizpide izan ditu bere Sailak arlo desberdinetan garatzen dituen lan ildoak: “kolektibo kalteberei zuzendutako enplegurako prestakuntza, Enplegu Zentro Berezientzako laguntza, Gizarteratze Enpresa berrien sustapena eta lehendik existitzen direnei laguntzea, desgaitasuna duten pertsonak enpresa arruntetan mugagabeki kontratatzeko laguntzak, bazterkeria arriskuan dauden kolektiboentzako orientazio espezifikoa, laguntzadun enplegua merkatu arrunteko enpresetan eta zeinu-hizkuntzarako itzulpenak gaikuntza-ekintzetan”.

Bere hitzaldian, Marcos Murok adierazi du beharrezkoa dela “bestelako figura laguntzaile batzuk sustatzea, desgaitasuna duten pertsonak enplegu babestutik merkatu arruntera igaro daitezen, adibidez, lantokietara, eta baita ere antzeko proiektu pilotuak babestu eta garatzea bazterkeria arriskuan dauden beste kolektibo batzuei enplegu aukerak emateko”.

Parte-hartzea eta bizi kalitatea

Sergio Murillok (Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako zuzendari nagusiak) hizpide hartu ditu AENdun pertsonen bizitza independenterako eskaintzen diren baliabide eta politika publikoak. Murillok aipatu duenez, “ikuspegia aldatu dugu eta komunitateko parte hartzea eta bizi kalitatea lortzeko plan baterantz abiatu gara”.  “Plana beraizik prestatu da hirugarren sektoreko erakundeen parte-hartzearekin; baldintza eta laguntza egokiak diseinatu dira, desgaitasuna duten pertsonek bizi-kalitatea izan dezaten eta aukera-berdintasuna lor dezaten beren eskubide guztiak erabiltzean”.

Sergio Murillok esan duenez, Foru Aldundiak laguntza klasikoez harago doazen hainbat zerbitzu proiektatu ditu. “Garatu ditugu prestakuntza zerbitzuak, arreta goiztiarra, AENdun pertsonekin bizi direnentzako arnasaldiak, eta baita ere zaintzaileentzako laguntzak” esan du. Halaber mintzatu da APNABIko erabiltzaileei laguntzeko beste programa eta zerbitzu batzuez, hala nola, etxebizitzak egokitzeko laguntza teknikoak, zentro okupazionala (25 plaza), eguneko arreta emateko bederatzi zentroak (196 plaza) eta bederatzi etxebizitzak (55 plaza).

Aurrera egiteko AENdun pertsonen bizitza autonomoan, Sergio Murillok esan du beren jabekuntza eta ingurunearekiko harremana sustatu behar direla. Era berean, azpimarratu ditu norbere burua zaintzeko prestakuntza, arreta goiztiarra, zaintzaileentzako laguntza eta, besteak beste, krisi egoerei erantzuteko baliabide zuzkidurak.

Jardunaldian orobat parte hartu dute APNABIko Sustapen Soziolaboral eta Etxebizitza eremuetako arduradunek, Iban Huartek eta Susana Valladolidek, eta azaldu dute zein programa eskaintzen diren APNABItik. Horietako bat da Egonahi programa, zeinaren helburua baita bakarkako arreta ematea laneratuta dauden pertsonei, eta bestea bizitza independenterako entrenatzea helburu duena.

Topaketa bukatzeko solasaldi bat egin da, non parte hartu duten APNABIko zerbitzuetako bi erabiltzailek, Galder Torre eta Garbiñe Marañónek, beren ikuspegiak eta esperientziak kontatzeko.

Comments are closed.