APNABIko familiek esperientziak eta estrategiak bateratu dituzte autismoaren aurrean oreka emozionala berreskuratzeko

Mikel Pulgarín, APNABI Autismo Bizkaia elkarteko presidentea, eta Àngels Ponce, famili arloko terapeuta eta gizarte langilea, autismoa duten pertsonen familiekin eginiko jardunaldian.

APNABI Autismo Bizkaia elkarteko 100dik gora bazkidek parte hartu dute jardunaldian, non esperientziak eta estrategiak partekatu baitituzte aurrera egiteko oreka emozionala berreskuratzeko bidean. Àngels Ponce terapeutak parte hartu du APNABI GELA ekimenaren barruko jardunaldi honetan. Ekimen horrek helburutzat du prestakuntza ematea familiei Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten pertsonek beren etapa desberdinetan bizi dituzten egoerei buruz.

APNABIko presidente Mikel Pulgarínek aurkeztu du jardunaldia, eta azpimarratu du autismoaren lehen biktima familien oreka emozionala dela, oreka hori galtzeak eragina baitu bikote-harremanetan eta seme-alabekiko nahiz inguruarekiko harremanetan.

Àngels Ponce terapeutak nabarmendu duenez, autismoak familietan eragiten dituen desoreka emozionalak ez dira mugatzen soilik diagnostikoaren unera, eguneroko bizitzan jasotzen baitira zaplazteko handienak. Bere azalpenean esan du pertsona bakoitzak bere burua zaindu behar duela, eta lehentasuna eman behar diola bere ongizateari, horrela egoera hobean egongo baita autismoak berekin dakartzan erronkei aurre egiteko. “Ongi egotea funtsezkoa da norberarentzat eta eragina du ingurukoengan, zeren guk transmititzen dugun baikortasuna eta motibazioa onuragarria baita eurentzat. Estres horrekin bizitzera etsi beharrean –esan du-, badira tresnak eta estrategiak autismoaren aurrean oreka emozionala lortzeko”.

Hizlariak adierazi du pertsonen ongizatea hiru faktore nagusik baldintzatzen dutela: genetikak, testuinguruak eta norbere jarrerak. “Ongizatea hobetzen duten faktoreen %40 inguru gure jarreren mende daude”, nabarmendu du. “Autismoa desagerrarazi nahi genuke, baina hortxe dago, eta onartu egin behar da, egokitu, ingurukoekin partekatu eta gainerakoek ematen diguten laguntza onartu”. Denok behar dugu laguntza –esan du Àngels Poncek-, geure mugak onartu behar ditugu, eta ingurukoen laguntza onartu, bai egoera oso garrantzitsuetan, eta baita ere eguneroko egoera arruntetan. “Super-ama edo super-aita izaten saiatzeak desorekara eraman gaitzake”, gaineratu du hizlariak.

Etsipenaren aurrean, autismoaren errealitatea onartzeko prozesuak behartu egiten gaitu aktibo izatera, mugitzera, arreta jartzera eta unean unekoa bizitzera, horixe baita kezka kronikoari aurre egiteko tratamendu onena.

Mila familia bazkide APNABIn

APNABI Autismo Bizkaia erreferentziazko elkartea da Autismoaren Espektroko Nahasteen esparruan. Guraso talde baten ekimenez sortu zen duela 40 urte, jabetu baitziren ezinbestekoa zutela bat egitea beren seme-alabentzat etorkizun hobea elkarrekin eraikitzeko. Gaur egun 1.000 familia eta 220 profesional baino gehiago biltzen dira APNABIra. Hasierako espiritu hari jarraiki, eta erakundeen nahiz bestelako eragile batzuen laguntzarekin, hainbat baliabide eskaintzen dituzte arreta goiztiarrerako, hezkuntzarako, eguneko arretarako, etxebizitzetarako, aisialdirako eta enplegu lagundurako, helburu honekin: behar bezala erantzutea kolektiboaren premiei.

APNABI GELA ekimenaren helburua da prestakuntza ematea familiei Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten pertsonek beren etapa desberdinetan bizi dituzten egoerei buruz. Proiektuak oinarritzat hartzen ditu hizlari gisa parte hartu duten diziplina desberdinetako teknikari eta adituen ezagutzak, kasu honetan, Àngels Ponce-renak.

Comments are closed.