Farmakologia autismoan

APNABI Autismo Bizkaia elkarteko 150etik gora bazkide elkartu dira berriki egin den jardunaldi batean, non aztergai izan baitute autismoaren tratamenduetako farmakologia eta medikazioa. Ekitaldian izan dira, halaber, Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentalaren Sareko bi psikiatra: Juan Medrano, Ezkerraldeko Zerbitzu-burua eta Ariane Arroitia, Barakaldoko Osasun Mentaleko Zentrokoa.

“Farmakologia autismoan” izeneko jardunaldia APNABI GELA ekimenaren barruko jardueretako bat da. Proiektu horrek helburutzat dauka prestakuntza ematea familiei Autismoaren Espektroko Nahasteak dituzten pertsonek beren etapa desberdinetan bizi dituzten egoerei buruz.

Mikel Pulgarínek, APNABIko presidenteak, aurkeztu du jardunaldia, eta azpimarratu du medikazioak kezka handiak sortzen dituela autismodun pertsonen guraso guztien artean.

Montserrat Claverok, APNABIko Kontsulten Eremuko arduradunak, nabarmendu du ez dagoela autismoa sendatzen duen farmakorik. “Hain zuzen —adierazi du— medikazioak ez du bere kabuz funtzionatzen, eta ez dago mundu guztia medikatu beharrik. Autismoa duten pertsonen tratamendua –esan du- arreta goiztiarrarekin hasi behar da, laguntzak emanaz hezkuntzan, etxebizitzan eta aisialdian, helburutzat izanik erabat integra daitezela gizartean”. Zentzu horretan, adierazi du APNABIn eginiko inkestek erakusten dutela autismoa duten haur eta gazteen %22k arreta farmakologikoa jaso dutela 2016an, eta portzentajea handitu egiten dela 12 urtetik aurrera.

Juan Medranok (Bizkaiko Osasun Mentalaren Sareko Ezkerraldeko Zerbitzu-buruak) azpimarratu du ez dagoela tratamendu farmakologiko espezifikorik autismoaren espektroko nahasteentzat. Erantsi du pertsona batek autismoa izateak ez duela esan nahi ezin duenik izan osasun mentaleko bestelako arazorik, eta pertsona horrengandik hurbil daudenek ongi ezagutu behar dituztela psikofarmakoen onurak, elkarreraginak eta bigarren mailako ondorioak. Bere iritziz, osasun arloak gabezia bat du autismoaren tratamenduan, eta konpondu beharreko gabezia da, nahasteak prebalentzia baxua duen arren. Galdetu diote zer egin dezakeen osasun sistemak autismoa duten pazienteekiko harremanak errazteko, eta funtsezko faktore bat nabarmendu du Juan Medranok: profesionalak sentsibilizatzea.

Bestalde, Ariane Arroitiak psikofarmakoen bigarren mailako ondorioak izan ditu hizpide, eta esan du beharrezkoa dela osasuntsu bizitzen lagunduko digun bizimodu bat izatea.

Comments are closed.