Eskuartean “El TEA a las 5” podcast irratsaioa emititzen hasi da

teaalas5Eskuartean elkartea irratsaio bat egiten hasi da. Programa horrek “El TEA a las 5” du izena, eta helburutzat du ikusgarritasuna ematea autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonei eta laguntza ematea beren garapen pertsonal, sozial eta laboralerako.

“El TEA a las 5” ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko proiektu bat da, BBK Fundazioaren finantzaketa duena ekimen sozial eta kulturalentzako bere laguntza-programaren bitartez. Irratsaioan webeko komunikazio tresnak eta podcast sistema erabiltzen dira. Lehen programa dagoeneko entzun daiteke www.elTEAalas5.eus web orrian, eta irratsaioarekin batera, bideo bat eta blog bateko sarrera bat ere egin dituzte, proiektuaren ezaugarriak azaltzeko.

Gainera, AENren bat duten zazpi helduz osatutako talde batek zuzentzen du irratsaioa, guztiak ere Eskuartean elkarteko Azlan zentro okupazionaleko erabiltzaileak. Pixkanaka, proiektuan jende gehiago sartzea espero da. Parte-hartzaileek hainbat zeregin izango dituzte: antolakuntza orokorra, garatu beharreko gaiak identifikatzea, irratsaioari egitura ematea, eta elkarrizketatuak eta elkarrizketatzaileak kudeatzea. Hala, AEN bat duten pertsonen jabekuntza sustatzen da proiektu ekintzaile bateko eragile gisa.

Lehenengo “El TEA a las 5” irratsaioa kirolari buruzkoa da. Mikel San José Athleticeko futbolariak eta Onda Vasca irratiko Begoña Beristain kazetariak parte hartu dute.

Aurrerantzean, beste zazpi programa egingo dira ekainera arte. Bakoitzean gai espezifiko bat landuko da, eta zuzendaritza-taldeak definituko du gai hori. Irratsaioetan proiekzio soziala duten gonbidatuek parte hartuko dute, kazetari profesional batekin eta AEN bat duten pertsonekin batera, aukeratutako gaiari buruz hitz egiteko.

Comments are closed.