Abian da autismoa duten helduei zuzendutako APNABIren bizitza independenterako entrenamenduaren 7. edizioa

APNABI Autismo Bizkaiak bizitza independenterako prestakuntza-proposamenaren beste deialdi bat hasi du urrian, 7.a, datorren abenduaren 21era arte luzatuko dena. Oraingo honetan, autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten 5 pertsona ari dira parte hartzen, 3 gizon eta 2 emakume.

Ikastaroa teoriko-praktikoa da eta astean behin, asteazkenetan arratsaldeko ordutegian, egiten diren saio partehartzaileek eta elkarteko etxe batean elkarrekin bizi diren bi asteburu esperientzialek osatzen dute. Topaketetan hainbat alderdi lantzen dituzte, hala nola higiene pertsonala, sukaldaritza eta elikadura, bizitza osasungarria, sexualitatea, antolaketa, etxeko lanak, gastuak eta beste asko. Esperientzia-entrenamenduaren fasean dauden bitartean, pertsonek aukera dute aurrez tratatutakoa praktikan jartzeko eta bizikidetza lantzeko.

Taldearekin batera doan talde profesionalak malgutasunez heltzen dio prestakuntzari, eta etengabe ebaluatzen eta egokitzen ari da. Horren guztiaren helburua da pertsonak prestakuntzarekin eroso sentitzea eta prestakuntzatik ahalik eta probetxu handiena ateratzea. Horrela, APNABIk pertsonen ahalduntzea bultzatu nahi du, haien konfiantza indartu, beldurrak eta segurtasunik ezak murriztu eta etorkizunean emantzipazioa eta bizimodu independentea erraztuko duten tresnak eskaini.

Hitzaldiak

Gainera, erakundeak hainbat hitzaldi osagarri eskaintzen ditu hainbat arlotako profesionalen eskutik. Horiek elkarteko pertsona heldu guztiei zuzenduta daude, ez bakarrik prestakuntzaren egungo deialdian parte hartzen dutenei. Joan den urriaren 14an, Igor Otxoa APNABIko prebentzio arduradunak saio bat eskaini zuen etxeko istripuak nola prebenitu aztertzeko. Urriaren 18an elikadura osasungarria landuko da eta abenduaren 16an kudeaketa ekonomikoa.

Nazioarteko onarpena

Ekimen hau APNABIren bizimodu independentea babesteko programaren parte da. 2014an sortu zen, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko funtzionaltasun-maila handia duten baina autonomia, bizi-kalitatea, aukera-berdintasuna eta erabateko integrazioa eta parte-hartzea sustatzeko laguntzak behar dituzten autismodun pertsonen beharrei erantzuteko. Prestakuntzaz eta hitzaldiez gain, emantzipaziorako orientazioa eta jarraipena eskaintzen ditu, eta dagoeneko independizatu direnentzako laguntza pertsonalak. Gaur egun 144 pertsonak parte hartzen dute bertan.

APNABIren programa honek La Caixa Fundazioaren laguntza ekonomikoa eta nazioarteko errekonozimendu zabala du, Autismo Europak nabarmendu baitu 2022ko urtarrilean jardunbide egokien jardunaldi baterako eta urriaren 7tik 9ra Krakovian (Polonia) egin zen nazioarteko kongresurako, non poster formatuan partekatu zen.

Comments are closed.