APNABI Autismo Bizkaia, “katean” berdintasun osoa eta erreala lortzeko bidean

Beste behin ere, APNABI Autismo Bizkaiak bat egingo du Emakunderen kanpainarekin martxoaren 8a dela eta, zeinaren bitartez deia egin nahi duen berdintasunaren katea eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko.

Martxoaren 8ko kanpainak berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutako zenbait urteurren ekarri ditu gogora, hala nola, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena edo Berdintasunerako Euskal Legea onartu zeneko 15. urteurrena. Urteurren horiek gogoratuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea dela azpimarratu nahi du kanpainak. Era berean, iraganean eskubideak lortzen eta berdintasunaren aldeko urratsak ematen joan diren emakume horiei guztiei omenaldi bat egiteko modu bat da, eta belaunaldi berriei dei bat egiteko, kateari jarraipena emateko eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko.

Kanpainaren leloa hauxe da: KATERIK GABE, KATEAN. Eta emakumeen batasuna adierazten du euren eskubideen borrokan, eta baita berdintasunaren aldeko lanaren belaunaldien arteko transmisioaren beharra eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen jarraitzeko premia. Kanpaina belaunaldien arteko topagune bihurtu nahi da, emakumeen eskubideen aldeko balioak transmititzeko leku bat: hamarkadetan emakumeen eskubideen alde lan egin duten pertsonen eta gazteen arteko topaketa irudikatu nahi du, eta, transmisio horren beharra azpimarratu, gizarteak aurrera egiten jarraitzeko eta berdintasun-espazioak irabazten jarraitzeko.

Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataforma, emakumeen eskubideak sustatzeko mundu mailan inoiz izan den planik aurrerakoiena izan zen eta emakumeen ahalduntzea garapenerako funtsezko estrategia gisa aurkeztu zuen; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea EAEko berdintasun-politiken aurrerapenean mugarri izan zen; eta Garapen Iraunkorreko Helburuak onartu zireneko 5. Urteurrena ere betetzen da aurten, “genero-berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea” duelarik helburuetako bat. Urteurren hauek bat datoz aldarrikapen feministen gorakadarekin, bereziki gazteen artean, azken bi urteetako martxoaren 8ko azken mobilizazioetan agerian geratu den bezala.

Errealitate horren aurrean, iraganarekin lotzen gaituen eta etorkizunari begira proiektatzen gaituen kanpaina hau aurkeztu du Emakundek eta APNABIk babestu du, jarraitu behar duen kate baten irudiaren bidez.

Comments are closed.