APNABI Autismo Bizkaiak ikus-entzunezko kanpaina bat jarri du abian, “barneratzailea, aberasgarria eta atsegina” den aisiarako eskubidea defendatzeko

APNABI Autismo Bizkaiak, Aisialdi eta Denbora Libreko arlotik, sentsibilizazio-kanpaina bat sortu du, “astialdi aberasgarri eta egokia” ahalbidetzearen garrantziari buruz, autismoaren espektroko nahasmenak  (AEN) dituzten pertsonentzat ere. Ardatz nagusia bideo bat da, aisialdiaren arloko erakunde, entitate eta baliabideei buruz gogoeta eragitea helburu duena. Elkarteak beste erakunde batzuei eskua luzatu nahi die pertsona horien bizi-kalitatea hobetuko duten lankidetzak sortzeko.

Arloko arduradunak, Esther Fernández Valtierrak, nabarmendu du APNABIk denbora daramala neurriko erantzunak eta erantzun pertsonalizatuak eskaintzeko lanean, baina orain beste urrats bat eman nahi dutela, lankidetzan oinarrituta: “Ezin dugu inklusioaz hitz egin lankidetzaz, aliantzez, baterako lanaz ari ez bagara. Eragileek kalitatezko aisialdia eskaintzeko inplikazioa behar dugu, batez ere AEN duen pertsona bakoitzaren ingurune hurbilenean, haiek barne hartuz eta aukerak eskainiz.

Bideoan pertsonen aniztasuna islatzen da, baita AEN dutenena ere, eta haien beharrak eta eguneroko bizitzako oztopoak gutxitzeko behar dituzten laguntzak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratzen du. “Pertsona guztiengan pentsatuko duen gizartea behar dugu, eta jakinarazi nahi dugu APNABI hor dagoela, elkarrekin lan egiteko eta pertsonei garapen pertsonal eta sozialean laguntzeko; beraz, bide horretan lagundu nahi duten eragile guztiei ere eskua luzatzen diegu”.

Bideoa, kanpainaren ardatza, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker egin ahal izan da. Hemen ikus daiteke.

Comments are closed.