APNABIk bultzatutako ‘Especiales’ filmaren aurrestreinaldi solidarioak 300 pertsona baino gehiago bildu ditu Bilbon

APNABI Autismo Bizkaiak “Especiales” filmaren aurrestreinaldia eskaini zuen Bizkaian otsailaren 27an, ostegunean. Hala, elkarteak bat egin zuen otsailaren 28an (ostirala) film luzea zinemetan estreinatu aurretik emanaldi solidarioak eskaini zituzten Estatu osoko 90 entitateekin.

Zintak 300 lagun baino gehiago bildu zituen Bilboko Cinesa Zubiarten, Bruno eta Maliken istorioa kontatzen duen obraz gozatzeko interesa zutenak. Bi lagun horiek beste mundu batean bizi izan dira hogei urtez: haur eta nerabe autisten munduan. Irabazi asmorik gabeko bi erakundek gazteak prestatzen dituzte muturreko kasuen zaintzaile izan daitezen. Horrela, aparteko elkarte bat sortzen dute, ingurune tradizionaletatik kanpo, aparteko pertsona batzuentzat.

Txaloaldi handi batek amaiera eman zion proiekzio zirraragarriari, eta aretoko txoko guztietara iritsi zen. APNABIko profesionalak, elkarteko familiak, TEA duten pertsonak eta han bildutako publiko orokorra bat etorri ziren halako proiektu gehiago sozializatzearen garrantziaz, autismoaren errealitatea ikusarazteko.

Esker-ona

Azpimarratzekoa da A Contracorriente Films produkzio-etxearen eta zinemen parte-hartzeari esker antolatu zirela Estatu osoan egindako 85 saioak. Zinemak beren borondatez elkartu dira, autismoaren eta beste ezintasun batzuen inguruko arazoak ikusarazteko. APNABI Autismo Bizkaiak ere bere esker ona adierazi nahi die hitzorduan parte hartu zuten guztiei eta hori posible egin zuten pertsona eta erakundeei.

Arrakasta

“Especiales” da aurtengo Frantziako zinemaren arrakasta handienetako bat. Cannesko zinemaldiaren aurreko edizioari amaiera eman ondoren, prentsak harrera ona egin zion, eta Donostiako Zinemaldiko Perlas Atalean aurkeztu zen. Han, Ikusleen Saria jaso zuen, 10etik 9,19ko puntuazioarekin, orain arte izan den handiena. Urrian estreinatu zen Frantzian, Gaumonten eskutik, 2 milioi ikusle baino gehiagorekin, eta Frantziako OBS Gogobetetasun Behatokiak 10etik 9,9ko nota eman zion, azken 18 urteetako nota altuena.

Comments are closed.