APNABIk 2023ko udarako eskaintza aktibatu du, bere erantzuna zabalduz

Ekaineko azken astean hasi da APNABI Autismo Bizkaia udako programazioa. Programa horrek, guztira, 38 jarduera hartuko ditu, hala nola opor-txandak, eguneko aisialdiko jarduerak eta udaleku irekiak, aurreko urtean baino 2 gehiago. Guztira, 542 plaza eskaintzen ditu elkarteak.

Oporrak eta eguneko planak

APNABIko AENa duten pertsonek gaua igarotzeko 12 opor-txandaren artean aukeratu ahal izan dute uda honetarako. Aurten, asteroko egonaldiak egingo dituzte Larderon (Errioxa), Iruñean (Nafarroa), Zarautzen (Gipuzkoa), Arrigorriagan (Bizkaia) eta Lekeition (Bizkaia). Horietako bakoitzean inguruko baliabideak aprobetxatuz jarduerak egingo dituzte, berdinekiko harreman sozialak bultzatzeko eta ohikoak ez diren giroetan aisialdi aberasgarria sustatzeko helburuarekin. Programa honetan 200 plaza eskaini dira. Berrikuntza gisa, aurten Camplus Iruñan egingo duten egonaldiaz gozatuko dute, ireki berri den eta instalazio modernoak dituen ostatuan.

Aisialdiko eskaintza hau eguneko planekin osatu da. 150 plaza eskaini dira askotariko 10 proposamenetan. Horien artean, nabarmentzekoak dira ur-parkeetako jardunaldiak, hainbat hiriburu eta udalerritara turismo eta kultura bisitak, hondartza-egunak edo Urdaibaiko Biosfera Erreserba bezalako ingurune naturaletara bisitak.

Kontziliazioa

Bestalde, elkarteak udaleku irekien 16 txanda eskaintzen ditu, Familientzako Laguntzaren bidez kontziliazioa errazteko diseinatuak. Guztira 256 plaza eskaini dira eguneko programa honetan, eta 10:00etatik 18:00etara eskaintzen da arreta Bizkaiko hainbat lekutan. Hala, datozen asteetan taldeak izango dira Bilbon (Santutxu eta Deustu auzoetan), Leioako Mendibile ikastetxean eta Barakaldoko Gurutzeta ikastetxe publikoan. Azken bi horiek herrietako udalekin egindako lagapen-hitzarmenei esker. Aurten, gainera, elkartearen Gernikako Lurgorri zentroko instalazioetan udalekuak eskainiko dira.

Horrek guztiak AENdun pertsonen eta haien familien etxeetara eta ohiko inguruneetara erantzunak hurbiltzeko elkartearen helburuari erantzuten dio.

Comments are closed.