APNABIk azpimarratu du alarma-egoeran ere AEN duten pertsonen ongizatearen alde jarraitzen duten profesional guztien lana

Madarias etxeko sukaldariari txaloka egin zioten harrera profesional eta erabiltzaileek.

APNABI Autismo Bizkaiak bere zerbitzu asko aldatu behar izan zituen, 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera deklaratu baitzuen Gobernuak COVID-19ak eragindako osasun alertagatik. Harrezkero, elkarteko hamar etxeek —guztira ia 60 AENdun pertsona hartzen dituzte — funtzionatzen jarraitzen dute, eta beren jarduera eguneko 24 orduetara luzatu behar izan dute, konfinamenduaren eskakizunei erantzuteko. Horrek arlo horretako talde profesional guztiek ahalegin handiagoa egitea ekarri du.

APNABIk eskerrak eman nahi izan dizkie beren konpromiso eta profesionaltasunarekin etxeko AENdun pertsonen ongizatea lortzen ari diren pertsona guztiei, nahiz eta 20 egun baino gehiago daramaten konfinamenduan eta egoera gogorra eta ziurgabea da.

Elkarteak hitz batzuk eskaini nahi izan dizkie arloko profesional guztiei -gaur egun APNABn diharduten ia 300 profesionaletatik zati handia dira-, eta elkartearen eta familien izenean eskerrak eman nahi izan dizkie: “Zuzeneko arretako profesional guztiei, txanda bikoitzetan ere lan egiteko egiten duten ahaleginagatik eta haien inplikazioagatik, koordinatzaileei eta gobernantari, piezak beren tokian jartzen baitituzte, eguneko zentroetako eta garraioko profesionalei, konfinamenduaren ondorioz etxeetan laguntzen ari direnak eta haien buruak berrasmatzea egokitu zaienak egoera berri horri aurre egiteko. Eta, jakina, garbiketako, sukaldaritzako eta mantentze-lanetako pertsona zoragarri guztiei, haien lan handia gaur egun oso ikusgarria baita.”

Comments are closed.