APNABIk jasoko du abenduaren 15ean egingo den Barakaldoko Merkatu Txiki Solidarioan bildutako dirua

Barakaldoko Udalak sustatzen duen urteroko Haurren Merkatu Txiki Solidarioak APNABI Autismo Bizkaia elkarteari emango dio bigarren eskuko jostailuen salmentatik ateratzen den dirua. Erabilitako jostailuen merkatu txikia abenduaren 15ean (larunbata) izango da Barakaldoko herriko plazan eta bertan parte hartuko dute herriko 20 ikastetxe publiko nahiz hitzartuek. Barakaldon abenduan egingo diren beste kultur ekitaldi batzuetako diru-sarrerak ere (rock taldeen eta abesbatzen kontzertuak, ludoteka eta pailazoen ikuskizuna) APNABIrentzat izango dira.

Udal ekimen honi esker, APNABIk aukera izan du autismoaren inguruko sentsibilizazio-programa bat garatzeko Barakaldoko ikastetxe publiko nahiz hitzartu guztietan. Programa hori azaroan hasi zen eta martxan jarraituko du abenduko hilabete honetan ere. APNABIren sentsibilizazio-programa hau APNABIko Aldamiz Ikastetxeko irakasleen bitartez gauzatzen da, ikastetxe horretako zuzendariak koordinatzen du, eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleei zuzentzen zaie. APNABIk Aldamiz Ikastetxearen bitartez eskaintzen du autismodun pertsonentzako hezkuntza-programa. Beren premiei beraizik egokituriko programa bat da eta helburua da autismodun pertsonek komunitatea ulertzeko eta komunitatean moldatzeko behar dituzten gaitasunak eskuratu ditzatela.

Ikastetxeetan eman diren hitzaldietan, APNABIko profesionalek haurrentzat egokitutako informazioa ematen dute hainbat gairi buruz: autismoaren espektroko nahasteen (AEN) ezaugarriak, AENdun haurrek eta gainerako ikasleek elkarrekin egiten dituzten jarduerak edota piktogramen erabilera komunikatzeko eta antolatzeko tresna gisa. Sentsibilizazio-lan horren helburua da arreta jartzea AENdun pertsonen eskubideetan eta azpimarratzea eskubide horiek bete egin behar direla, gizarteratze, elkartasun eta errespetu printzipioei jarraiki.

550 ikasleren parte-hartzea

Amaia del Campok, Barakaldoko alkateak, Merkatu Txiki Solidarioaren aurkezpenean azaldu duenez, ekimenaren 18. edizioa da aurtengoa. Barakaldoko 20 ikastetxeetako Guraso Elkarteak lanean aritu dira hainbat astez abenduaren 15eko ekitaldia antolatzeko: bigarren eskuko jostailuak bildu, garbitu eta sailkatu dituzte gero merke-merke saltzeko. Barakaldoko 550 ikasle inguruk ere parte hartzen dute elkartasunezko kate horretan, merkatu txiki egunean beren jostailuak salduko dituztelarik BBK Fundazioaren postuetan.

“18 urte igaro dira ekimen hau martxan jarri genuenetik eta gero eta ilusio handiagoz bizi dugu. Zoragarria da neska-mutilak erakusmahai atzean ikustea, eurenak izan diren jostailuak saltzen, eta ilusio handiz gainera, badakitelako keinu horri esker laguntza ematen ari direla premia larrian dagoen jende askori” azpimarratu du Barakaldoko alkateak, Mikel Pulgarín APNABIko presidentearekin batera ekimena aurkeztean. Azken horrek adierazi du bildutako dirua bazterkeria sozialeko arriskuan dauden elkarteko familietara bideratuko dela, administrazio publikoekin erabat hitzartu edo adostu gabe dauden zerbitzuak finantzatzeko: familientzako arnasaldiak, udaleku irekiak (udakoak eta beste garai batzuetakoak) eta elkarteko kuotaren portzentaje bat.

“Gainera, ekitaldi hau bereziki aberasgarria da, bizi-lezio bat baita gure haurrentzat. Tamaina honetako elkartasunezko ekitaldi batean lehen pertsonan parte hartzeaz gain, hilabete honetan aukera izango dute sentsibilizazio-tailerretan parte hartzeko: kasu honetan autismoa izango da gaia. Beraz, baliagarri da errealitate desberdinak ulertzeko ere” azpimarratu du Amaia del Campok.

Bestalde, Mikel Pulgarínek eskerrak eman nahi izan dizkio Barakaldoko Udalari eta azpimarratu du Haurren Merkatu Txiki Solidarioa aukera paregabea dela autismoa ikusgarri egiteko hiritarren artean, sentsibilizazio-programaren bidez lortzen baita AENdun pertsonen eskubideak hobeto ezagutzea eta, bide horretatik, eskubide horiek eraginkortasunez erabiltzen laguntzea.

[kkstarratings]

Comments are closed.