Euskararen Eguna ospatu dugu Iker Gordon palistarekin batera

Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten ehundik gora lagunek, (APNABI Autismo Bizkaiako eguneko arreta zentroetako erabiltzaileak eta erakunde bereko Aldamiz Ikastetxeko ikasleak) Euskararen Nazioarteko egunaren karietara antolatutako ekitaldietan parte hartu dute gaur goizean Iker Gordon palistarekin eta ezgaitasunaren munduko beste antolakunde batzuekin batera.
Jaia Errekaldeko frontoian izan da eta herri-kiroletan zentratu da. Topaketako ekitaldi nagusia pala eta esku-pilotako erakusketa-torneo bat izan da, non AENdun pertsonek maisu-eskola bat jaso baitute Iker Gordon palistaren eskutik.

Goizean zehar hainbat jolas eta parte-hartze ariketa egin dira euskararen inguruan, helburu bikoitzarekin: autismoari ikusgarritasuna ematea gizartean eta AENdun pertsonen gizarteratzea sustatzea.

Era berean, pankarta handi bat zabaldu da euskararen aldeko mezu batekin eta aukera izan da APNABIko ikastetxeko ikasleek eta eguneko zentroetako erabiltzaileek prestatutako taloa, txorizoa eta postreak dastatzeko.

APNABI Autismo Bizkaia erreferentziazko elkartea da Autismoaren Espektroko Nahasteen esparruan. Guraso talde baten ekimenez sortu zen duela 40 urte, jabetu baitziren ezinbestekoa zutela nahasmenari aurre egin eta bat egitea beren seme-alabentzat etorkizun hobea elkarrekin eraikitzeko.

Gaur egun 1.100 familia eta 250 profesional baino gehiago biltzen dira APNABIra. Hasierako espiritu hari jarraiki, eta erakundeen nahiz bestelako eragile batzuen laguntzarekin, hainbat baliabide eskaintzen dituzte arreta goiztiarrerako, hezkuntzarako, eguneko arretarako, etxebizitzetarako, aisialdirako eta enplegu lagundurako, helburu honekin: behar bezala erantzutea kolektiboaren premiei.

[kkstarratings]

Comments are closed.