APNABIk hainbat panel jarri ditu emakumeen kontrako indarkeria salatzeko eta autismoa duten emakumeen kalteberatasuna ikusgarri egiteko

APNABI Autismo Bizkaia taldeko profesionalak eta erabiltzaileak elkarrekin bildu dira gaur goizean emakumeen kontrako indarkeria arbuiatzeko. Botikazarreko (Erribera) patinaje-pistan egin den topaketan, APNABIko eguneko arreta zentroetako, ikastetxeetako eta etxeetako erabiltzaileek margotutako muralak jarri dira, zeintzuetan hizpide hartzen den emakumeen kontrako indarkeria eta, bereziki, autismoaren espektroko nahasteren bat (AEN) dutenek jasaten dutena.

Ekimen honekin APNABIk aurre hartu dio datorren igandean ospatuko den Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunari, irmo adieraziz AENdun emakumeen kolektiboa arrisku potentzialen menpe dagoela tratu txarrei dagokionez. “Emakumeak eta AENak: estigma bikoitza, kalteberatasun bikoitza” lelotzat harturik, topaketa honetan ahalegina egin da autismoa duten pertsonek ekitaldi publikoetan parte har dezaten, horrela beren gizarteratzea sustatzeko.

“Emakumeak eta AENak” lan-mahaian (Autismoa lantzen duten Espainiako Terapeuten Elkartearen 2016ko kongresua) azaldutako datuen arabera, adimen ezgaitasunik ez duten baina AEN bat duten emakumeen %44k diote eskola-jazarpena jasan dutela; %26k laneko jazarpena eta %32k sexu jazarpena. Era berean, adimen ezgaitasunik ez duten baina AEN bat duten emakumeen %38k esperientzia arriskutsuak bizi izan dituzte beste pertsona batzuekin fidatzeagatik, eta %28k indarkeria fisikoa jasan dute.

Estereotipoak
APNABIren Berdintasun Batzordeak –zeinak askotariko ekintzak bultzatzen baititu, besteak beste, sentsibilizazioa indartzeko, antolakundean lengoaia inklusiboaren erabilera sustatzeko eta aktiboki parte hartzeko emakumearen aurkako indarkeria desagerrarazteko ekimenetan- nabarmendu du emakumeei buruzko estereotipoak hautsi behar direla, eragin bikoitza baitute AENdun emakumeengan. Besteak beste, hauek azpimarratu ditu Berdintasun Batzordeak:
“Emakumeek pertzepzio emozional eta sentimental handiagoa dute”.
Baina, hori ez da horrela, hauxe baita eurek pentsatzen dutena: “Ez ditut gainerakoen erreakzioak ulertzen, larritu egiten naiz eta sufritu egiten dut”.
“Emakumeek ezin dute izan hotzak, naturalki desiratzen dituzte kontaktu fisikoa eta laztanak”.
Eta hauxe da eurek pentsatzen dutena: “Estimuluekiko hipersentsibilitatea dut, ez naute ulertzen eta frustrazioa sentitzen dut”.
“Emakumeek formaltasun sozialak eta protokoloa bete behar dituzte”.

Comments are closed.