APNABIk Metro Bilbaoko 150 segurtasun-profesional baino gehiagori eskaini die prestakuntza

Maiatzean, APNABIk 11 prestakuntza- eta sentsibilizazio-saio eskaini dizkie Metro Bilbaoko segurtasun-zerbitzuko 150 profesional baino gehiagori, guztiak Alse eta Prosegur enpresetakoak.

Jardunaldi horien helburua zen gakoak ematea, hala eskatzen zaienean, desgaitasun intelektuala eta/edo autismoaren espektroaren nahasmendua duten pertsonei esku-hartze eta laguntza egokia eskaini ahal izan diezaieten garraio publikoan egiten duten jarduera profesionalean.

Prestakuntza-taldea honako hauek osatu dute: Noemi Tetúa, Aldamiz ikastetxeko profesionala; Maider Ugarte, APNABIko eguneko arretako zentroetako burua; eta Mª Luisa Arenas, APNABI LANeko teknikaria. Gainera, AENa duten hainbat pertsonak hartu dute parte, eta lehen pertsonan eman dituzte beren esperientziak. Galderak helarazi ahal izan dizkiete, eta horiekin zalantzak argitu dituzte, horietako asko segurtasun-profesionalek bizitako benetako esperientzietatik abiatuta.

Parte-hartzaileek esperientzia «oso interesgarri eta baliotsua» dela adierazi dute, eta bereziki autismoa duten pertsonen parte-hartzea nabarmendu dute, saioetan azaldutako guztiari «balioa eman» diotelako. Era berean, «desgaitasuna duten pertsonei buruz dugun ikuspegiaren aldeko eztabaida positibo eta aberasgarria» partekatzeko aukera egon da. Adierazi dutenez, gogobetetze orokorrak «hasierako aurreikuspenak gainditu ditu».

Oso ekimen garrantzitsua izan da APNABIrentzat, gizarte-sentsibilizazioan eta gizarteratzean balio handia duelako. Metro Bilbao Bizkaiko garraio publiko nagusietako bat da, eta, beraz, AENa duten ehunka pertsona eta familiak erabiltzen dute egunero. Metroak 220.000 bidaiari hartzen ditu egunero, 2022ko batez bestekoaren arabera.

ErrazTEA

APNABI LAN arlo soziolaboralak bultzatutako ErrazTEA programa berriaren bidez eskaini du APNABIk prestakuntza hori. Horren bidez, prestakuntza-zerbitzuak eskaintzen dira, bai eta espazioak, testuak eta materialak ebaluatu, egokitu eta baliozkotzea ere. Horren guztiaren helburua da ingurune ulerterrazagoa lortzea, eta, beraz, autismoa eta/edo adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun kognitiboa bermatzea, bai eta haien parte-hartzea ere. Gainera, Euskadin autismoa eta/edo adimen-desgaitasuna duten pertsonak, esperientzia, prestakuntza eta ziurtagiria dutenak, dituen lehen erakundea eta bakarra da.

Comments are closed.