APNABIko gazteek erreprografia eta produktu grafikoen ikastaroetako diplomak jaso dituzte

APNABI Autismo Bizkaiako hamaika gaztek lanerako gaikuntza ikastaroak gainditu dituztela egiaztatzen duten diplomak jaso dituzte. Ikastaro horiek erreprografian laguntzeko zereginei eta produktu grafikoak manipulatzeko operazioei buruzkoak izan dira, eta beraizik zuzendurik egon dira lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei. Prestakuntza fasea gainditu ondoren, APNABIko neska-mutilak praktika profesionalak egiten hasiko dira orain.

Banaketa ekitaldia Deustuko Unibertsitatean egin da, eta bertan izan da Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua, zeinak zorionak eman baitizkie ikasleei egin duten lanagatik eta eskainitako dedikazio eta ahaleginagatik. Ekitaldiaren irekieran, APNABIko presidente Mikel Pulgarínek azpimarratu du zein garrantzitsua den erakunde publikoekin kolaboratzea autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonak lan munduan txertatzeko eta, bide horretatik, gizarteratze eraginkor bat erdiesteko.

Neska-mutilek egin duten lan prestakuntzako prozesua Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren Lanberri programaren barruan kokatzen da. Produktu grafikoak manipulatzeko operazioetan espezializatzeko ikastaroa joan den otsailetik ekainera bitartean egin zen, 350 orduko iraupenarekin. Erreprografian laguntzeko zereginei buruzko ikastaroa, berriz, iraila eta azaroa bitartean egin zen, 200 orduko iraupenarekin.

2012az geroztik, APNABI Autismo Bizkaiak (EntreManos eremu soziolaboralaren bitartez) apustu sendoa egiten du laneko prestakuntza eta gaikuntza emateko zailtasun handienak dituzten AENdun pertsonei. Ikasketak bukatzen dituzten AENdun gehienek ez dute laneko kualifikazio edo profil definiturik eta, ondorioz, aukera gutxi dituzte lan merkatuan sartzeko.

Comments are closed.