APNABIk I. Autismo España Saria jaso du, elkarteak AENdun pertsonen alde eginiko ibilbidearen erakusgarri

APNABI Autismo Bizkaia elkarteak I. Autismo España Saria jaso du. Sari horren bidez aitortzen da elkarteak autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonen eta beren familien alde eginiko lana, eta beren eskubideak sustatzen dituzten laguntza-eredu sostengarri, eraginkor eta inklusiboak bilatzeko egin duen ahalagina.

Autismo España Konfederazioaren 25. urteurrena ospatzeko galan egin da sari-banaketa. Epaimahaikideen artean egon dira ikerketa, zuzenbide, komunikazio, hirugarren sektore nahiz enpresa arloetako profesionalak, eta baita ere sariketarako deialdia egin duen erakundeko kideak.

APNABIko presidente Mikel Pulgarínek eskerrak eman ditu sariagatik, esanahi handia baitu gure elkarteko familia guztientzat. Elkarte hau sortu zen guraso talde baten ekimenez duela 40 urte baino gehiago, beren bizitzara iritsitako ziurgabetasun, nahasmen eta beldur hura gainditzeko. “Guraso haiei esker –esan du Mikel Pulgarínek-, urteotan nabarmen hobetu da autismoa duten 2.500 haur ingururen bizi-kalitatea, autonomia pertsonal handiagoa lortu dute eta barruan zuten onena atera dute, etorkizuna bermatuta dutela jakinik. Eta 2.000tik gora familiak ere APNABIn aurkitu dute egunerokotasunari aurre egiteko behar duten sosegua, laguntza eta indarra”.

APNABIko presidenteak bere hitzaldian bereziki nabarmendu du elkarteak araudi eta lege aldaketen alde egin duen lana. Horri esker, Bizkaiak gaur egun baditu Zorro Dekretu bat eta topagune funtzioa betetzen duten foro eta espazioak, zeintzuek eragin zuzena baitute ezgaitasunak dituzten pertsonen eta euren familien bizi kalitatea hobetzeko ahaleginean, bai eta gizarte inklusibo eta solidarioago bat eraikitzeko lanean. Hori guztia lortu da –gaineratu du- ekintza marko zehatz baten barruan, eraldatzeko, ezagutzak hobetzen laguntzeko, berritzeko eta gizartea garatzeko borondatea direlarik protagonista.

Comments are closed.