Autismoa eta sexualitatea

 

APNABI Autismo Bizkaia Elkarteko 140 bazkidek baino gehiagok parte hartu zuten Bilbon eginiko jardunaldi horretan, non aztergai izan baitzen zein paper betetzen duten familiek autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten seme-alaben hezkuntza afektibo-sexualean.

“Autismoa eta sexualitatea” izeneko jardunaldia APNABI GELA ekimenaren barruko jardueretako bat da. Proiektu horrek helburutzat dauka prestakuntza ematea AENdun pertsonen familiei eta sakonago ezagutzea kolektibo horretako kideek beren etapa desberdinetan bizi dituzten egoerak.

APNABIko presidente Mikel Pulgarínek aurkeztu du jardunaldia, non hizlari aritu baitira Susana Valladolid (Elkarte honetako etxebizitza zerbitzuko arduraduna, psikologian lizentziatua eta masterduna ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzean, sexologia eta sexu-hezkuntzan eta familiako zein bikoteko psikoterapian) eta Carlos de la Cruz (psikologian doktorea, sexologoa, Leganeseko Udaleko (Madril) Osasunaren Sustapen saileko burua eta Camilo José Cela Unibertsitateko “Sexologian Espezialista” masterreko zuzendarietako bat).
Susana Valladolidek hizpide hartu ditu hezkuntza afektibo-sexualean garatzen diren ekintza nagusiak eta azpimarratu du zein garrantzitsua den familiek eta profesionalek elkarrekin lan egitea, benetako sexu-hezkuntza emateko bi esparruetatik.

Bestalde, Carlos de la Cruzek APNABIko familien aurrean adierazi du AENdun pertsonen sexualitatea atera egin behar dela ezkututik eta debekuen eta beldurraren esparrutik. “Ez dago lehen edo bigarren mailako sexualitaterik; autismodun pertsonen sexualitatea beste guztienen pare jarri behar da, eta espazio bera partekatu behar du” adierazi du. “Hori ulertu ahal izateko –gaineratu du- garrantzitsua da lehendik dauzkagun usteak ahaztea, adibidez, gauza bera direla sexualitatea eta sexu harremana edo sexu harremana eta koitoa”. “Sexualitatea pertsona guztiengan dago –baieztatu du Carlos de la Cruzek- baita AENdun pertsonengan ere, sexu harremanak izan ala ez. Gainera –gehitu du-, gorputz guztian dago, eta desberdina da kasu bakoitzean, desberdina den bezala gizon edo emakume eta homosexual edo heterosexual sentitzea, nahiz eta batzuetan oso zaila den beren bizipenetara hurbiltzea”.

Hizlariak adierazi du desioak eta beharrak desberdinak direla pertsona bakoitzarengan. “Horregatik –esan du- badirudi batzuk interes handia dutela, eta beste batzuk berriz, gutxi edo batere ez. Aukera guztiak dira legitimoak, bitartekoak ere bai”. Autismodun pertsonen sexu-hezkuntzari dagokionez, Carlos de la Cruzek esan du oso garrantzitsua dela familien lana, zeintzuek helburutzat hartu behar baitute euren seme-alabek, edozein adinetakoak direla ere, ikas dezatela beren burua ezagutzen, onartzen eta onartuak sentitzen eta erotika egoki adierazten.

“Norabide berberean lan egin behar dute profesionalek, boluntarioek eta osasun langileek –esan du-. Gai honetan erantzukidetasuna ere aipatu behar da”. APNABI GELA ekimenaren helburua da prestakuntza ematea familiei Autismoaren Espektroko Nahasteak dituzten pertsonek beren etapa desberdinetan bizi dituzten egoerei buruz. Proiektuak oinarritzat hartzen ditu hizlari gisa parte hartu duten diziplina desberdinetako teknikari eta adituen ezagutzak.

Comments are closed.