APNABI Autismo Bizkaia Elkarteak jardunaldi bat antolatu zuen urriaren 1ean, non hizpide hartu baitzen autismodun pertsonen familiek bizi dituzten egoerak eta Elkartetik eta bertako profesionalengandik jasotzen duten laguntza, laguntza hori AENdun pertsonaren bizi osoan zehar luzatzen delarik.
“Autismoarekin bizitzea” jardunaldia APNABI GELA ekimeneko jardueren barruan sartzen da, zeinaren helburua baita prestakuntza ematea familiei Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten pertsonek beren etapa desberdinetan bizi dituzten egoerei buruz. APNABIko familia bazkideei zuzendutako topaketa hori Mondragon Unibertsitateko Bilbao Berrikuntza Faktoriaren lokaletan egin zen, alegia Lan Ekintzaren lehengo egoitzan.
Jardunaldia Mikel Pulgarínek aurkeztu zuen, APNABI Autismo Bizkaia Elkarteko presidenteak, eta hizlari aritu zen Beatriz Vega, ezgaitasun intelektualaren arloan lan egiten duen “Plena Inclusión” Elkarteko Familien Arloko arduraduna.
APNABIko bazkideek beren kasuak azaldu zituzten, eta kontatu zuten nolako aldaketa eman den beren familietan Elkarteko kide egin direnetik. Topaketa horretan orobat aurkeztu zen APNABIk bi tresna garrantzitsu hauek prestatzeko garatuko duen lan-prozesua: AENdun pertsonen eta beren familien Eskubideen eta Betebeharren Gutuna eta Kode Etikoa.
Prozesua orain abiatuko da, eta datorren ekainean amaitu. Lan-prozesu horretan parte hartuko dute erabiltzailez, familiaz, profesionalez eta APNABIko Zuzendaritza Taldeko zein Zuzendaritza Batzordeko ordezkariz osatutako lantaldeek.