Aldamiz Ikastetxeak baserri eskolaz gozatu du jarduera partekatu baten bitartez

APNABIko Aldamiz ikastetxeko ikasleek irteera bat izan zuten Baratzeko baserri-eskolara (Arteaga, Bizkaia) otsailaren 20an eta 21ean. Erandioko Jado ikastetxeko neska-mutilekin batera egin zen jarduera, ingurune naturaletara egiten diren beste irteera batzuetatik oso desberdina.

Aldez aurreko prestakuntza ezinbestekoa izan da bai Aldamiz taldearentzat —Ortuella, Txurdinaga eta Deustuko ikastetxeetakoak— bai Jadoko ikasleentzat, haiekin koordinazio- eta sentsibilizazio-jarduerak egin baitziren. Bi zentroetatik nabarmendu dute “autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonenganako sentsibilizazioak izugarri aberastu duela jardueraren emaitza”, gizarteratzea sustatzeko helburuarekin garatu dena.

Egonaldian hainbat tailerretan parte hartu zuten gazteek: animaliak zaintzea, zaldiak muntatzea, baratzea eta etxeko gozogintza. Azken horretan magdalenak egin zituzten. Gainera, mendi-irteera batean zuhaitzen izenak, animalien aztarnak eta hegaztien bizimodua landu zituzten. Bizikidetzak beste une batzuk ere ekarri zituen gozamenerako, dantzarako eta beste hainbat jardueratarako. Halaber, Aldamizko irakasleek adierazi dute “esperientzia oso atsegina izan dela eta ikasleek oso ondo baloratu dutela”, eta azpimarratu dute hurrengoa diseinatzen hasi behar direla.

Comments are closed.