APNABI Autismo Bizkaiak bat egin du Boluntarioaren Nazioarteko Eguneko ospakizunarekin

Gaur, abenduak 5, Boluntarioaren Nazioarteko Eguna da. APNABI Autismo Bizkaia elkartean ere ospatu nahi dugu egun hori, eta horrela eskerrak eman gure antolakundean kolaboratu duten boluntario guztiei, gure proiektu eta lantaldeetan parte hartu dutelako. Eskerrak eman nahi dizkiegu beren denbora eman diguten eta ematen diguten guztiei, beren konpromisoagatik eta ahaleginagatik, beren laguntzeko grinagatik, eta beren jarduerak, afizioak eta ezagutzak partekatzeko gogoagatik…

Horietako bat dugu Janire, pertsona konprometitu bat,  lehen eskutik kontatu nahi izan duena APNABIn izan duen esperientzia.

“Oso esperientzia atsegina eta positiboa izan da” –azpimarratu du Janirek.

Iazko irailean adiskide batek kontatu zidan Aisialdi eta Denbora Libreko Eremuak topaketa tematikoak antolatzen dituela elkarteko nerabe eta gazteekin hainbat afizioren inguruan, zehazki, manga-anime eta bideojokoen arloan, eta elkarteak baliabide komunitarioak behar dituela esparru horietarako. Ez nuen zalantzarik egin, proposamen oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta harremanetan jarri nintzen eremuko arduradunarekin, ahal nuen guztian laguntzeko.

Atsegin dut kultura japoniarra eta badakit gizarteak ez dituela begi onez ikusten afizio horiek, neure azalean bizi izan dudalako hori, sarritan “friki” deitzen baitigute  despektiboki. Horri gehitu behar diogu parte-hartzaile hauek bestelako hesi edo oztopoak ere badituztela. Horregatik, oso berritzailea iruditu zitzaidan antolakundeak hobbie horiek eta beste batzuk aukeratzea neska-mutilak elkar ezagutzeko abiapuntu gisa, erlazionatu daitezen eta esperientziak partekatu ditzaten, beren adineko beste edozein neska-mutilek bezala.

Hala, proiektu honetan inplikatu nintzen aprobetxatuz Gizarte Hezkuntzako Gradurako praktikak egin behar nituela, eta gero bertan jarraitu nuen boluntario gisa. (Gaur egun, 2018ko denboraldi berrian ere proiektuan kolaboratzen jarraitzen dut). Oso pozik nago topaketa tematiko horietan parte hartzen dutenek eta beren familiek bertan jarraitzeko eskatu didatelako. Ilusio handia egin zidan horrek, eta ahal dudan neurrian, nire hondar aletxoa jartzen jarraitu nahi dut, laguntasuna emateko gozatzeko, erlazionatzeko, partekatzeko eta jardueretan parte hartzeko gogoz etortzen diren neska-mutil hauei.

Urtebete igaro da, eta oso gustura egon naiz taldearekin eta talde horretan inplikatutako profesional guztiekin. Ia hutsetik abiatu nintzen (AEN bat zuen neskato bat bakarrik ezagutzen nuen lehenago), eta ez nekien gai izango nintzen topaketak dinamizatzeko. Baina asko ikasi dut, eta izenak berak dioen bezala, deskubritu dut espektroa oso zabala dela; aitortzen dut banituela aurreiritzi batzuk, baina kolaborazio honi esker lortu dut aurreiritzi horiek bazterrean uztea eta pentsaera askoz irekiagoa izatea.

Beraz, oso gustura nago eman zidaten eta oraindik ematen didaten aukerarekin. Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartzen duten neska-mutilei, topaketa guztietan ikasten baitut zerbait. Saiatzen naiz nire lana ahalik eta ondoen egiten eta, oroz gain, ikasten eta hobetzen jarraitu nahi dut, ez zait horretarako gogorik falta”.-

Comments are closed.