APNABI Bilboko Udalarekin elkarlanean aritu da Aste Nagusia autismoa duten pertsonentzat lagunkoiagoak izan daitezen

  • ErrazTEA taldeak Udaleko irisgarritasun batzordean parte hartu du

APNABI Autismo Bizkaiak aktiboki parte hartzen du Bilboko Udalak antolatutako Irisgarritasun Batzordean, eta aurten ere Aste Nagusia 2024 jai inklusiboagoak izateko hainbat neurri hartuko ditu. Parte-hartze hori APNABIren ErrazTEA taldearen bidez egiten da. Bertan, irisgarritasun kognitiboan adituak diren eta autismoa duten eta ez duten pertsonek parte hartzen dute, Hirugarren Sektorean erreferente diren beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera.

Aurreko urteetako jarraibideari jarraituz, entzumen-hipersentsibilitatea duten pertsonen parte-hartzea bultzatzeko hartutako neurri nagusia musikarik gabeko ordu-tarte erreserbatu batzuk izango dira. Hala, abuztuaren 18, 21 eta 23an, 17:00etatik 20:00etara, zarata gogorrak ezabatuko dituzte barrakek. Txikiguneak, Doña Casilda parkeko haurrentzako jaiguneak, gauza bera egingo du hilaren 20an 16:30etik 20:00etara eta 21ean 11:00etatik 14:30era.

ℹ️ 2024ko Aste Nagusiari buruzko informazio guztia kontsulta dezakezu Bilboko Udalaren webguneko esteka honetan.

Txikiguneko jarduera egokituak

Aste Nagusiko txikiguneak beste egokitzapen batzuk izango ditu. Esparruaren informazio-etxolan lehentasunezko sarbide-txartela edo zeinu-mintzairaren interprete-zerbitzua eskatu ahal izango da. Gargantuak arrapala bidezko sarbidea izango du mugikortasun murriztua dutenen gozamenerako, eta Marijaiaren tamaina txikiko erreprodukzio bat izango da ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat.

Haurrentzako gune horretan bertan, “Bilbo, zentzumen guztien hiria” jarduera sentsoriala instalatuko da. Instalazio horrek bost zentzumenak lantzeko jarduerak proposatzen ditu, Bilbo kulturarteko hiri anitzaz jabetzeko. Horrela, ordubete eta hamar minutuko ibilbide antzeztua proposatzen du, saio bakoitzean gehienez 20 lagunek parte hartu ahal izango dutelarik, egunean zehar zortzi emanaldi eginez (lau goizez eta lau arratsaldez).

Nabarmentzekoa da, gainera, txikiguneko begirale taldeak prestakuntza espezifikoa jaso duela desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko.

Ikusmena

Balearen desfileak eta kontzertuek ikuspena errazteko gune bat izango dute. NBEk diseinatutako irisgarritasun unibertsalaren logotipoarekin behar bezala seinaleztatuta egongo da.

Abandoibarran agertokiaren alboa erreserbatuko da, eta irekita egongo da lekua bete arte; Enkarnazioan, ordubete lehenago itxiko da; Europa parkean, edukiera bete arte; eta Plaza Berrian, soinu-mahaiaren ondoan egongo da, edukiera bete arte. Balearen desfilea Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian egingo da.

Zeinuak interpretatzea

Zeinuak interpretatzeko zerbitzua, txikigunean ez ezik, Aste Nagusiko pregoian, Pergolako haur eta familiarteko antzerkian (18, 19, 20, 21 eta 24an 19:30ean) eta Bizikidetza plazako kale antzerkian (18an 12:30ean eta 21:15ean, 19an 21:15ean eta 20an 12:30ean) ere egongo da eskuragarri.

Irakurketa erraza

Jaien egitaraua Irakurketa Errazaren bidez kontsulta daiteke Aste Nagusiko app ofizialean. Tresna horrek eskuragarri dauden irisgarritasun-neurrien bilatzaile bat ere badu. Gainera, egitaraua eta kartela braillez lor daitezke Bilbao Turismoko bulegoetan, ONCEren egoitzan, txikiguneko informazio-gunean eta Abandoko Udal Zentroan.

Comments are closed.